Larunbatean amaituko da Petritegira joateko izena emateko epea

Ugarteko elkarteak antolatu du maiatzaren 4rako, eta prezioak 13 eta 35 euro artean dabiltza aukeratzen den menuaren arabera

AMAIA GOIKOETXEA AMEZKETA.

Petritegira irteera antolatu du Ugarteko elkarteak maiatzaren 4rako. Autobusa eguerdiko 12:30ean aterako da Ugartetik eta arratsaldeko 18:00etarako itzultzea aurreikusten dute. Prezioak 13 eta 35 euro artean dabiltza, aukeratzen den menuaren arabera.

Izena eman nahi dutenek elkartera bertara edo Goikoetxea tabernara gerturatu beharko dute, eta ordainketa maiatzaren 4an egingo dute, autobusera igo aurretik. Izena emateko azken eguna hilaren 27a izango da, datorren larunbata.

Ur kontagailuen irakurketak

Beste aldetik, Gipuzkoako Urakek jakinarazten du hasi dituela Amezketan 2019ko lehen hiruhilekokoari dagozkion ur kontagailuen irakurketak. Etxetik kanpo aurkitzen diren herritarrek, irakurleak etxean utziko dien jakinarazpen zedula betez eman dezakete irakurketaren berri, kontagailuaren irakurketarik ez izateak euren hurrengo erreziboan eragina izan baitezake.

Irakurketa horren berri emateko eskura dituzte ohiko bideak: Gipuzkoako Uraken bulegoak, 902 302 222 eta 943 318 602 telefono zenbakiak eta www.gipuzkoakour.eus atari digitala.

Maiatzaren 8a

Gainera, Gipuzkoako Urakek jakinarazten du bidali dizkiela Amezketako bezero guztiei 2019ko lehenengo hiruhilekoko ura, arazketa eta finantzaketa planeko erreziboak, eta maiatzaren 8ra (asteazkena dela) arteko epea izango dute borondatez ordaintzeko.

Erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ohiko bideak eskura dituzte Amezketako bezero guztiek: Gipuzkoako Uraken bulegoak, 902 302 222 eta 943 318 602 telefono zenbakiak eta www.gipuzkoakour.com web atari digitalan.