Larrondoko larre-aldirako izena emateko epea datorren ostiralean amaituko da

AMAIA GOIKOETXEA AMEZKETA.

Urtero bezala, Amezketako Udalak Larrondoko larre-aldirako izena emateko epea zabaldu du abenduaren 30era arte. Larrondon behiak, zaldiak, behorrak, ahuntzak eta ardiak larreratzeko epea 2019ko maiatzaren 1ean ireki eta 2020ko martxoaren 31n amaituko da; eta behorrak larreratzeko epea urriaren 12an irekiko da, 2020ko martxoaren bukaerarekin ixteko. Orain zabaldu den izena emateko epea ganaduzale guztiei zuzendua dago, baita ganadua udazkenean larreratzen dutenei ere. «Garbi gogorarazi nahi nuke nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, udaletxean orain eman behar dela izena, ordainketarekin batera», adierazi du Iñaki Amundarain Amezketako alkateak. Neurri honi jarraipen zehatza egingo diote Udaletik, eta agindu hau betetzen ez bada neurriak hartuko dituzte.

Bestetik, «Enirio-Aralarko larreetara bota aurretik Larrondora ganadurik ez botatzeko eta zuzenean Enirio-Aralarkoetara botatzeko» eskatu die Udalak ganaduzaleei, baita «landatuta dagoen landare gaztea eta itxiturak errespetatzeko» ere. Izena emateko epea zabalik dago ostiralera arte. Izen-ematearekin batera ordainketa ere egin beharko da: ardi eta ahuntz bakoitzeko euro bat, eta behi eta behor bakoitzeko 10 euro.