Larraitzko Ñañarri jatetxea esleituko du Abaltzisketako Udalak

Ñañarri Jatetxea esleitzeko eskaintzak egiteko epea zabalik da. / YARZA
Ñañarri Jatetxea esleitzeko eskaintzak egiteko epea zabalik da. / YARZA

Hainbat lan egingo ditu Udalak eraikinean datozen hilabeteetan

YARZA ABALTZISKETA.

Abaltzisketako Udalak Larraitzen kokatuta dagoen Ñañarri jatetxea lehiaketa publikoan esleitzeko epea ireki du. Kontratua urte beterako izango da, bost urtetara luzatzeko aukerarekin. Interesatuek eskaintzak egiteko epea irekita dute jada Abaltzisketako Udalaren webguneko 'Kontratatzailearen profila' atalean. Gutxieneko prezioa urteko 6.000 euro gehi BEZa izango da.

Abaltzisketako Udalak hainbat lan egingo ditu eraikinean datozen hilabeteetan, besteak beste behe solairuan komunak egitea, tabernako gunea handitzea eta eraikinaren leihoak, ateak eta balkoiak berritzea, baita sukaldeko tresna mekanikoak zein gasaren instalazioa errebisatzea eta funtzionamenduan jartzea.

Ordutegia

Taberna jatetxea bere gain hartzen duenak gutxienez hamar orduz ireki beharko du astelehenetik ostegunera, ostiraletan 10:00etatik gauerdira eta asteburuan 9:00etatik 22:00etara. Gainera, taberna ezingo da itxita egon ostiraletik igandera, ezta jaiegunetan edo bestelako ospakizunak daudenean, Eguberri eta Urte Berri egunean izan ezik. Era berean, astean behin itxi ahal izango du asteroko-atsedenerako, baita bost asteko oporraldia ere. Itxiera egunak Larraitzko gainerako ostalaritza zerbitzuarekin koordinatu beharko ditu, auzoan gutxieneko zerbitzua egoteko.