Berastegi
Laguntasunaren konfesategia 'Promesarik txikiena' aurkitzekoHerritarrek Infinitudrama taldearen antzezlanerako sormen lanean parte hartzeko aukera dute aste honetan
Zer da laguntasuna? Erantzun zehatzik gabeko galdera hau da Infinitudrama taldearen antzezlan berrirako abiapuntua. 'Promesarik txikiena' obra prestatzen ari da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoko bekaren baitan. Berastegi eta Leitza artean egingo dute egonaldia, eta herritarrak ere sormen prozesuaren parte izatea nahi dute.
Horretarako konfesategi berezi bat prestatu dute furgoneta txuri batean. Bi herrietan publikoarentzat ateak ireki eta 'konfesatzera' gonbidatuko ditu bisitariak joko ezberdinen bitartez. Jolas laburrak antolatuko dituzte, 10 minutuko saioak izango baitira, eta parte hartzaileak modu anonimoan egingo dituzte ekarpenak. Antolatzaileen esanetan «ferietako barraka, irratia eta igarleen kontsultorioaren elementuak nahasten ditu konfesategi honek».
Bertara bakarka edo lagunekin joan daiteke, gehienez ere lau laguneko taldean. Txanda hartzeko aukera egongo da eta, harategien antzera, deitzen joango dira. Adin mugarik gabeko konfesategia izango da, baina 10 urtetik gorakoentzat prestatu dituztela jolasak aurreratu dute.
Asteazken eta ostegunean Berastegin egongo da Road Konfesategia eta, ostiralean, Leitzan
Datorren astean Berastegi eta Leitzan egongo da. Asteazkenean, hilak 14an, Berastegin aparkatuko du furgoneta txuriak. Goizeko 10:00etan arrain-saltzaileen postuaren ondoan egongo dira eta arratsaldean Gaztelekuaren ondoan, 17:00etatik aurrera. Ostegunean, San Isidro egunean, trikitilariekin batera egongo dira bazkalondoren Berastegin.
Ostiralean berriz, Leitzako lagunarteak ezagutuko dituzte. Goizean Azokan egongo dira eta arratsaldean, eskola ondoko parkean 16:00etatik 17:30era, eta 18:00etatik aurrera pintxopotean plazan. Road Konfesategiaren bidez jasotzen dituzten ekarpen guztiekin 'Promesarik txikiena' antzezlana sortuko dute.
Antzerki talde berria
Infinitudrama konpainia lehengo urteko abenduan sortu zen. Maite Aizpurua Olaizolak gida-tzen du egitasmoa, eskarmentu ezberdinetako sortzaileekin osatua, eta 'Promesarik txikiena' antzezlana izango da aretoetarako prestatuko duten lehen proiektua. Talde honek bereizgarri izan nahi du harreman sareak indartu eta bide propioak jorratuz sorkuntza eta kulturarako lagunarte ireki, justu eta zirikatzaileak sortzen.