Kukua iritsi da Anoetara

Txalaparta eta danborradarekin hasi ziren jaiak. / NÚÑEZ
Txalaparta eta danborradarekin hasi ziren jaiak. / NÚÑEZ

Joxean Aparicio guraso elkarteko lehendakariak irakurri zuen pregoia

NÚÑEZANOETA.

Kukuaren jaitsierarekin batera hasi ziren Korputs jaiak Anoetan. Ohitura den bezala Corpus Christi bezperan bota zen txupinazoa. Herriko txalapartariek iragarri zuten Kukuaren etorrera. Aurten Anoetako Herri Ikastolak urrezko ezteiak betetzen ditu eta hori dela eta bertako ordezkariak izan ziren jaien hasierako txupinazoa botatzeko arduradunak.

Joxean Aparicio guraso elkarteko lehendakariak irakurri zuen pregoia, herritarrei eskerrak emanez emandako aukeragatik. Urte berezia izan da Ikastolako kideentzat urtemugaz gain eraikin berria estreinatu dutelako. Jarraian, Kukuaren jaitsierarekin batera danborradak 'Santiago' eta 'Anoetako martxa' jo zituen. Ondoren, herriko kaleetan zehar ibili ziren danborradako hiru konpainiak jaien hasiera iragarriz.

Gaur haur eta mozorroak

Gaur Anoetan haurren eta mozorroen eguna izango da, eta ohitura den bezala, egun guztian barraken prezioa merkeago egongo da. Goiz guztian, 10:30etik 13:30era haur-parkea egongo da plazan, eta amaieran eguraldi ona badago apar-festa egingo da.

Arratsaldean, haurrentzako 'Ongi etorri lagun' ikuskizuna eskainiko dute 16:00etatik aurrera Zirtaka antzerki taldeko kideek. 17:30ean, txokolate-jatea izango da plazan Ateaga elkarteko kideen eskutik, eta 18:00etan Loatzoko ikasleek kontzertua eskainiko dute. 19:30ean buruhandiak eta erraldoiak kalejiran aterako dira plazaraino txistulariekin. 21:00etan saiheski jatea eskainiko dute Anoetako eragileek. Horretarako txartelak herriko tabernetan daude salgai. 23:00etan DJ Bullen ikuskizuna hasiko da plazan.

Temas

Jaiak