Kuadrillen bazkaria, inoizko jendetsuena

Kuadrillen bazkaria, inoizko jendetsuena

300 lagun bildu ziren plazan eta ederki pasa zuten egun osoan zehar

IMANOL ARRATIBEL ASTEASU.

Kuadrillen eguna ospatu zen atzo San Pedro jaien baitan. 300 lagun bildu ziren, Tranpazulo, Astarrak, Zenbat zeate, Altza Porru, Asmasak, Olloteiko Ollarrak eta beste hainbat talde elkartu ziren blusa jantzita Plazan bazkari herrikoian. Jai giroa izan zen nagusi egun osoan zehar eta ederki pasa zuten, haur, heldu eta gazteek. Bazkalondo luze eta lasaiaren ondotik eta segidan Sakatu elektrotxaranga eta trikitilarien konpainian kalejiran ibili ziren. Gauean, Liher eta Willis Drummond taldeek kontzertua eskaini zuten.

Jubilatuak ere protagonista izan ziren. Meza, hamaiketakoa Aitzondo elkartean, herri kirolak..., eta herri bazkarian 100 pertsona bildu ziren Usarrabi frontoian. Bertan izan ziren Telleria eta Lizaso bertsolariak, eta Izer eta Alabier trikitilariak.

Atzo, eguerdian, ikurriñari omenaldia egin zioten herrian. Ekitaldian kuadrillek parte hartu zuten. Kalejira egin zuten ete herriko blusak ohorezko 'agurra' dantzatu zuten. «Espainiar bandera inposatu digute gure udaletan, gurea balitz bezala agertu dezagun eta hori ez dute inoiz lortuko eta beste behin ere aldarrikatuko dugu, gure hauxe dela», azaldu zuten.

Pilota eta sagardo dastaketa

Gaur amaituko dira festak. 12:00etan pilota txapelketetako finalak jokatuko dira. Esku pilotan bikoteka Lanzeta-Segurola vs Legarreta-Elizegi (Goizueta). Pala alebinak: Irati Aranburu vs Ihintza Urkola. 11:00etan patata tortilla txapelketa hasiko da, eta 13:00etan sagardo dastaketa. Sarasola, Etxeberria, Zabala, Aburuza eta Urdaira egongo dira. 18:00etan herriko taldeen arteko herri kirolak.

Ondoren, 19:30ean, trikitixa eta pandero eskolaren saioa eta 21:00etan sorginaren igoera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos