Korrika Txikia 'Berdintasunean bat' lemapean, gaur

M.C. ELORZA IDIAZABAL.

Gaur, Idiazabalgo eskolan 'Berdintasunean Bat' eguna ospatuko da. Egun honetan helburua ikasleei desgaitasun ezberdinak ezagutaraztea eta sentsibilizatzea izaten da.Aurtengoan ordea 21.Korrika txikiarekin batera tokatzen da egitasmoa. Hori dela eta, biekin bat egin dute.

Goizean zehar, geletan ikasleekin ekintza ezberdinak burutuko dira autismoaren, garun paralisiaren eta beste desgaitasun batzuen inguruan. Bost eta seigarren mailako haurrekin ikusmen urritasunari buruzko tailerra egingo da, eta Aspacetik kirol egokituen ikustaldia antolatu da.

Arratsaldean, Korrika Txikia 15:00etan irtengo gara eskolatik, herrian zehar euskararen alde korrika egitera 'Berdintasunean bat' lemapean. Bukaera eskolako patioan izango da, mezuaren irakurketarekin eta dantza saioa eta mokadutxo batekin.

Beraz,arratsaldeko Korrika Txikian parte hartzera animatzen zaituztegu herritar guztiak!.

Aurten Korrikaren ibilbidean aldaketak izan dira. Herri gunetik ez da pasako, zuzenean Olaberria aldetik Segurako bidea hartuko du. Hala ere, Guraso Elkartekoek eta Herri Eskolakoek lekukoa goizeko 8:30ean hartuko dute Ampo pareko autobus geltokian, 2230 kilometroan.

Dantza emanaldia

Gaur dantzari gazteen emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera herriko plazan eta eguraldi txarra bada, frontoian izango da.

Parte hartzaileak hauek izango dira: Ibarrako Alurr; Lazkaoko Oin Arin; Ordiziako Amets Bide, eta Idiazabalgo Axari. Guztira, talde hauetako 100 dantzari inguruk eskainiko dute emanaldia.