Korrika pasatu ostean, pintxo lehiaketa eta bertso saioa, larunbatean

Asisko Urmenetak 'Eusklabo Alaiak' hitzaldia eskainiko du bihar Kultur Etxean

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Gabiriako Udaberri kulturaleko ekintzekin jarraituz, asteburu honetan ere bada zer ikusi, entzun eta egina herrian. Bihar, 18:30ean, Asisko Urmeneta artistaren eskutik 'Eusklabo Alaiak' hitzaldi ilustratua egongo da kultur etxeko Murgil gelan.

Larunbatean, berriz, Korrika pasako da Gabiriako lurretatik, 9:30ak inguruan, zehazki Altzibar paretik Zumarraga aldera doan bidetik. Korrika egin ostean, herriko plazan pintxo lehiaketa egingo da. Bertan parte hartzeko 943880734 zenbakira deituta eman behar da izena, eta ondorengo ezaugarriak izango ditu lehiaketak: Pintxo hotzak prestatu behar dira ( 11 pintxo, denak berdinak); Banaka, binaka edo nahi bezala parte har daiteke eta pintxoak prestatuta eraman behar dira (generoa bakoitzaren kontu izango da).

Bi kategoria egongo dira: umeena eta helduena. Irabazleentzat sariak egongo dira.

Pintxoak bertaratzen direnek ere dastatu ahal izango dituzte eta ostean herriko bertsolarien saioa egongo da. Bertsotan Aratz Igartzabal, Gorka Maiz eta Endika Igartzabal arituko dira.

Dena den, larunbatean Gabirian bertsoak ez dira soilik hor entzungo, 20:30ean Aztiria auzoko Aztiri-Bat elkartean afaria eta ondoren bertsolari gazteen saioa egongo baita. Saio honetan gailentzen diren bi bertsolari gazteak apirilaren 27an izango den Osinalde sarira sailkatuko dira. Aztiriako saio honetan Ane Peñagarikano Zarauztarra, Beñat Mujita Donostiarra, Joanes Ilarregi Leitzarra, Josune Aramendi Markinarra, Ibai Amillategi Gernikarra eta Peru Abarrategi Aramaioarra lehiatuko dira. Elkartean afaldu nahi duenak izena eman dezake 669369031 telefonora deituta.

Peruharrira irteera

Bestalde, maiatzaren 4an Leitzako Peruharrira irteera egingo da Gabiriatik, Ostatu aurrean autobusa hartuta 10:00tan. Plana honakoa da: 11:30-13:30 bitartean Peruharri bisitatzea, ondoren norberak eramandakoa bazkaltzea Urtoko atsedenlekuan, eta arratsaldean Gabiriara itzultzea.

Irteera honetan parte hartzeko maiatzaren 14 baino lehen 943 88 07 34 edo 699503646 telefonora deitu behar da, eta jakina, izena eman.