Kirolarekin agurtu zituzten sanjuanak

Ikusleek gogoz animatu zituzten segalariak. /  ARGAZKIAK YARZA
Ikusleek gogoz animatu zituzten segalariak. / ARGAZKIAK YARZA

YARZAABALTZISKETA.

Ekitaldiz betetako asteburuaren ondoren, kirola izan zen nagusi San Juan jaien azken egunean. Goizean Gipuzkoako Sega txapelketako finala ospatu zen Larraitzen. Ikusle ugari gerturatu ziren bero sargoriari aurre eginez eta gogoz animatu zituzten hiru finalistak. Ordu beteko lana osatu behar izan zuten, nork belar kilo gehiago moztu. Saioaren amaieran Julen Gabirondok lortu zuen txapela, 2.473 kilorekin. Bigarren izan zen Jokin Etxeberria, hirugarren Jesus Mari Ormaetxea 'Urki' eta laugarren Jon Otegi.

Arratsaldean, urtero bezala ikuslez bete zen Amezketa eta Abaltzisketa arteko errepidea, XX. Zaldi Lasterketa ikusteko. Zortzi zaldik eta zaldunek parte hartu zuten igande arratsaldean antolatu zen lasterketan, eta igoera osoa egin ondoren Eneritz Etxabek irabazi zuen 'Coronel Sponsz' zaldiarekin 3:35 denbora lortuz. Atzetik sartu ziren Eneko Urbietak, '29' zaldiarekin, eta Ander Iruretagoienak, 'Euxebio' zaldiarekin, osatu zuten podiuma.

Jarraian, herritarren arteko jokoak antolatu ziren. Bi taldetan banatuta koxkolak biltzen, aizkoran, zaku karreran, korrika, eta abar aritu ziren. Plazan elkartu ziren ikusleek gogoz txalotu eta animatu zituzten guztiak.

San Pedro eguna Larraitzen

Bihar San Pedro eguna ospatuko dute Larraitzen meza nagusiarekin. Elizkizuna 12:30ean izango da eta jarraian hamaiketakoa eta trikitilariak izango dira. Arratsaldean berriro ere erromeria izango da.