Karmen jaiek hasiera ezin indartsuagoa izan zuten atzo

Loatzo musika eskolako musikariak izan ziren atzoko festa hasierako protagonistetako batzuk. /  ARGAZKIAK AMAIA GOIKOETXEA
Loatzo musika eskolako musikariak izan ziren atzoko festa hasierako protagonistetako batzuk. / ARGAZKIAK AMAIA GOIKOETXEA

Gaur eguerdian jendetza bilduko da plazan sagardo, sardina eta txorizo dastaketan

AMAIA GOIKOETXEAALEGIA.

Udal gobernu berriko kideak udaletxeko balkoian zirela eman zitzaien hasiera atzo arratsaldean Alegiako Karmenei. 19:00etarako plaza jendez beteta zegoen eta ordurako iritsiak ziren bertara kalejiran parte hartu zuten Billabonako erraldoiak eta buruhandiak, Loatzo musika eskolako musikariak eta Giroarte dultzaina taldeko kideak ere. Txupinazoa bota eta Txintxarria udaletxeko balkoira jaitsitakoan hasi ziren ofizialki jaiak.

Zahagi-ardoaren ostean etorri zen Alegiako Karmenetako ohiko hitzorduetako bat: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Maddalen Arzallus eta Imanol Irazustabarrena aritu ziren kantuan Elizpen zineman Imanol Artola 'Felix' gai-jartzaile zutela. Gauerdian Niña Coyote eta Chico Tornado rock biko indartsuak 'Aitzstar' bere azken lana aurkeztu zuen plazan eta ondoren Ze Esatek! taldeak hartu zuen erreleboa. Festa hasiera ezin indartsuagoa izan zuten, beraz, atzo alegiarrek.

Larunbat jendetsua

Halakoxea espero da festetako bigarren eguna. Giroarte dultzaina taldearen dianak esnatuko du larunbata, eta berehala iritsiko da jaietako hitzordurik jendetsuenetako bat: sagardo dastaketa sardina eta txorizo erreekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide eta Aulia sagardotegietako sagardoa izango da dastagai eta udal langileek erretako sardinek eta txorizoak ere sekulako estimua izango dute, urtero gertatzen den moduan.

Arratsaldeko 15:00etan Alegiako IV. Goitibehera jaitsiera jokatuko da Galarretako bidean behera eta 18:00etan pilota jaialdia izango da Elorri pilotalekuan. Guztira hiru partida jokatuko dira. Lehen biak Alegiako IX. Pilota Txapelketari dagozkionak izango dira: batetik, palaz diharduten nesken finala jokatuko dute Garmendiak eta Mendizabalek Irazustabarrenaren eta Erasunen aurka; bestetik, mutilen eskuz binakako finalean Altunak eta Etxeberriak osatutako bikotea Senarren eta Zalakainen aurka ariko da. Gaurko jaialdiko hirugarrenean pilotari profesionalak ariko dira: Iñaki Artolaren ordez arituko den Olaizola II.ak Urretabizkaia II.arekin osatuko du bikotea Bengoetxea VI. ordezkatuko duen Arteaga II.aren eta Erasunen aurka jokatzeko.

Larraitz auzoan egingo den zahagi-ardoaren ostean, Deabru Beltzak taldeak 'Les tambour de feu' kale ikuskizuna eskainiko du eta gauerditik aurrera Josu Rodriguez Djaren saioa izango da plazan.

Bulebarrean kontzertuak

Festa alternatiboetako egitarauak ere egun 'gogorra' utzi zien atzo gazteei mozorro egun, herri bazkari eta ostiral gau luzearekin, eta eguzkia sartu arte atsedenean izango dira gaur: zahagi-ardoaren ostean Herenegun, Basati eta Desegin taldeen kontzertuak izango dituzte gauean bulebarrean.