Josu Artolari buruzko bideo-emanaldia ikusgai bihar

GOIKOETXEA AMEZKETA.

'Josu Artolari, moto ibiliaren orain arteko txalotzea eta aurrera begira bultzada' izeneko bideo-emanaldia ikusi ahal izango da bihar arratsaldeko 18:30ean Amezketako kultur etxean, Kultur hamabostaldiko egitarauaren baitan. Lehentxeago hasiko dira Larrunarri pilotalekuan umeen jolasak, 16:00etan, Amezketako Gaztelekuko gazteek eskainita, eta txokolatada izango dute amaieran. Josu Artolaren inguruko bideo-emanaldiaren ostean triki-poteoa egingo dute amezketarrek, eta 21:00etan autobusa zain izango dute Beartzaneko aparkalekuan Zalbidera afaltzera joateko.

Etzi, San Martin egunarekin, Jubilatuen eguna ospatuko da Amezketan. 11:30ean meza izango dute San Martin ermitan, eta elizkizunetik irteterakoan bertsolariak eta trikitilariak zain izango dituzte bertaratzen direnek. 14:00etan Beartzana jatetxean bazkalduko dute. Eta astelehenean Mattin Zeberioren '8 Yukon' dokumentala ikusi ahal izango da 19:30ean kultur etxean, emanaldiaren osteko solasaldi eta guzti. «16 eta 64 urte bitarteko zortzi abenturazalek Alaska eta Kanada arteko Yukon-eko urre bilatzaileen ibilbidea zeharkatuko dute kanoaz. 17 urteko gazte baten begiradatik nola ikusten ote da Yukon ibaiaren ingurua?», horixe dio dokumentalaren aurkezpenak.

Azkenik, gaur gauean ospatzekoa zen Euskaraldiaren aldeko kantu afaria hilaren 30era atzeratu dela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos