Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du Osinalde saria

Bertso saioko une bat. /  A. BAZTARRIKA
Bertso saioko une bat. / A. BAZTARRIKA

Gogoan izan zuten 1971n txapelketa irabazi zuen Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra

A. BAZTARRIKA GABIRIA.

XXLVIII. Osinalde saria larunbat gauean lehiatu zen izen berdineko elkartean. Bertsolari gazte onenen artean onenak soilik iristen dira prestigioz beteriko sari hau lehiatzera, izan ere, bertan parte hartzeko Euskal Herri guztiko 18 bertsolari gazte gonbidatzen dira. Hauek seinaka Aztiria, Osinberde eta Argiberri sarietan parte har- tzen dute, eta hauetan sariak direnek lortzen dute Osinaldera iristea.

Larunbat gauean, Eñaut Asurabarrena gidari zela Ane Zuazubiskar arrasatearra, Joanes Illarregi lei- tzarra, Danel Olano getariarra, Oier Etxeberria azpeitiarra, Ibai Amillategi gernikarra eta Eli Pagola hernaniarra aritu ziren kantuan.

Jende asko

100 pertsonatik gora ziren Osinalden pikatxa tortilla, arkumea eta gazta afaltzen, eta beste hainbeste gerturatu ziren saioa hasterako bertsolari gazteak kantuan entzuteko irrikan.

Eñauten lehenengo hitzak, hala ere, Osinalde saria 1971n irabazi zuen eta zendu berria zen Patxi Iraola bertsolari zaldibiarrarentzat izan ziren, «dagoen lekuan dagoela goza dezala saioaz eta besarkada bat familiarentzat».

Saioa benetan gozatzeko modukoa izan zen, bertsolariak bikain aritu ziren eta umore ona nagusi izan zen.

Ariketa ezberdinetan publikoari zer pentsatua eman eta bestelako sentimenduak lorarazi zizkieten, denek ala denek txalo zaparradak jaso zituzten.

Baina lehiaketa izanik norbait gailendu behar, eta XLVIII. Osinalde saria epaimahaiak Joanes Illarregi leitzarrari eman zion. Ikusleen saria berriz, Ane Zuazubiskar arrasatearrak irabazi zuen, eta bertsorik onenaren saria Ibai Amillategi gernikarrak eraman zuen. Dena dela, inor ez zen esku hutsik itzuli etxera, denek Baztarrika gaztandegiko gazta eder bana jaso zutelako saritzat.