Izagirre anaiek irekiko dute Goierriko sagardotegietako txotx denboraldia

Izagirre anaiak, urte hasieran, entrenatzen. /  LOBO ALTUNA
Izagirre anaiak, urte hasieran, entrenatzen. / LOBO ALTUNA

Ekitaldia datorren ostegunean egingo da, Zeraingo Oiharte sagardotegian

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZERAIN.

Goitur-eko bazkide diren zazpi sagardotegien txotx irekiera datorren astean egingo da, eta bi kirolari izango ditu protagonista. Ormaiztegiko Izagirre anaiak, hain zuzen. Ostegunean Zeraingo Oiharte sagardotegian egingo da ekitaldia Goitur-en barruan lan egiten duten sagardotegi desberdinak promozionatzeko eta bertan Gorka eta Ion Izagirre txirrindulariez gain sagardotegietako ordezkariak egongo dira. Niko Osinalde Goiturreko buruak egingo du ongi etorria eta sarrera eta ondoren Aritz Eguren sagardogileak aurtengo uzta eta sagardoaren berri emango du. Azkenik Izagirretarrek irekiera ofiziala egin ondoren.

Nahiz eta sagardotegi batzuk irekiera ekitaldiak jada egin dituzten, abenduan Donostian egin zen Apuruan aurreratu zituzten datorren asteko ekitaldi ofizialak. Astigarragan asteazkenean egingo da Sagardunek antolatuta. Ostegunean izango da Goierriren txanda eta ostiralean, Hernanirena, Tilos plazan (eguraldi txarra bada Atsegindegin). Hernaniko txotx Batzordeak antolatua. Tolosaldeko irekiera Casino elkarteak antolatuta Tolosako Udalaren, Tolosa Gourmeten eta Tolosaldeko Sagardogileen laguntzarekin otsailaren 8an afalduz Zerkausian.

11 milioi litro Gipuzkoan

Gipuzkoan 11 bat milioi litro sagardo egin dira 2018ko uztan, aurreko urteetako kopuru berdintsua. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegiek 8 milioi litro egin dituzte (www.sagardoa.eus) eta aurten aipatzekoa izan da bertako sagarraren garrantzia. Uzta berezia izan da Gipuzkoan. «Oso mailakatua eta banatua». Espero bezala, lore garaian egindako eguraldi busti eta hotzek polinizazioa nekeztu dute erlearen ibilera ez delako behar bezalakoa izan. Ondorioz, lore polinizazio gutxiago izan dugu eta uzta gutxiago. Sagarra ohi baino lehenago iritsi da, baita berandukoa ere.

Sagardoa usaimenari dagokionean intentsitate handikoa da, gorputzeko sagardoak dira eta alkoholari dagokionean 6,5 º vol. inguruan. Tanino handiko sagardoa da

Azpimarragarria da, bestalde, sagardo naturala ez ezik, sagardotegiak dibertsifikatzen ari direla produktua eta azken urteetako joerari jarraituta, badira muztio pasteurizatua egin dutenak, sagardo apardunak, ondutako sagardoak egin dituztenak, izotzezko sagardoak eta oraindik ikertzen eta lantzen ari diren merkaturatu gabeko hainbat produktu berri gehiago.

Sagarrak bi urtez behin emateko joera du berez, baina nabarmentzekoa da, sagastia ondo lantzen ari diren sagardozale eta sagarzaleak urtero-urtero uzta nahiko orekatuak ari direla lortzen, eta helburua izango da ahalik eta sagastirik gehienak txukun zaindu eta bide horretan sartzea, sagarraren kalitatea ez ezik, kopuruz ere uzta orekatuagoak lortzen joateko. Sagastien zainketan ez ezik, sagastien planifikazioan ere aldaketa handia eman da azken urteetan, sagasti berrietan: aldaketa nabarmenena da, sagar motak nahasian aldatu beharrean sailka aldatzen direla, horrela kontrola eta bilketa sagar mota bakoitza aparte hartuta egin ahal izateko.

 

Fotos

Vídeos