Isidro Larrañaga akordei orkestrak emanaldia eskainiko du gaur Arerian

Egun, 15 eta 50 urte bitarteko musikariek osatzen dute Larrañagaren akordeoi orkestra. / A.A.
Egun, 15 eta 50 urte bitarteko musikariek osatzen dute Larrañagaren akordeoi orkestra. / A.A.

20:15etik aurrera arituko da, eta kontzerturako sarrerak udaletxean eskura daitezke, 2 euroan

AINARA ALARCIA

Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra 1980an sortutako musika taldea da, eta hogeita hemezortzi urte hauetan Tolosaldeako ehun musikari baino gehiago igaro dira bertatik. Isidro Larrañaga Beloki akordeoilariak sortu zuen orkestra, eta gaur egun bere seme Isidro Larrañaga Morenok zuzentzen du 27 kide baino gehiago dituen taldea. Orkestraren ardatza eskusoinua den arren, bestelako musika instrumentuak ere konbinatzen ditu: bateria, perkusioa, baxu elektrikoa, teklatuak, obra bakoitzaren arabera sartzen diren piano klasikoa edota gitarra elektrikoa eta Elene Arandia abeslariaren ahotsa.

Sarituak

Espainiako zein nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu du, eta hainbat sari ere lortu ditu: Frantziako XIV. Grand Prix Intérnational D'Accordéon sariketan (1989), esaterako, eta baita Bischwiller (Frantzia, 1997), Castelfidardo (Italia, 1998) eta Geneva (Suitza, 2000) hirietan ere. Pragako European Festival of Accordion Orchestras txapelketan parte hartu zuen 2007an. Garaipena lortu zuen urte hartan, eta baita berretsi ere 2010ean, lehen nazioarteko txapela lortu eta bi hamarkada geroago ere munduko akordeoi panoramaren elitean mantentzen dela frogatuz. Espainian, Torrelavega (Kantabria) eta Cedeira (Galizia) hirietan ere eskuratu ditu garaipenak Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestrak. Nazioarteko hainbat bira ere egin ditu taldeak.

Gaur egun 15 eta 50 urte bitarteko musikariek osatzen dute taldea. Guztiek jotzen dute akordeoia txikitatik, eta hainbat kidek musika alorreko goi mailako ikasketak dituzte. Gaurko emanaldian 'Agurra' eta 'El Caserío' euskal obrak eskainiko dituzte, dantzarien laguntzarekin, eta 'Praefagium', 'Suite Irlandesa' eta 'Poeta y Aldeano' bezalako obra klasikoagoak ere bai. 'The lord of the dance' abestia eta tango bat eskainiko dute.