San Isidro eguneko hamaiketakorako izena ematea

AMAIA GOIKOETXEA AMEZKETA.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Amezketako Udalak hamaiketakoa eskainiko die herriko jubilatuei San Isidro egunez, maiatzaren 15arekin, San Martinen. Aurretik, 11:00etan, meza entzuteko aukera izango dute bertako ermitan. 10:30ean aterako da autobusa herriko plazatik, hala nahi dutenek San Martinerako bidea autobusez egiteko aukera izan dezaten; bueltako autobusa 13:30ean aterako da.

San Isidro eguneko ospakizun horietan parte hartu nahi dutenek udaletxera deitu beharko dute izena emateko maiatzaren 13ko eguerdiko 12:00ak baino lehen, eta izena ematerakoan adierazi beharko dute San Martinera autobusez igoko diren edo ez.