Iriarte eta Etxezarreta, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketako garaileak

I. A. AMASA-VILLABONA.

Igandean, hilaren 2an, arratsaldean Zaldibarren jokatu zen XXVII. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa, eta Sara Iriarte (Amasa-Villabona), pandero jotzaile, eta Ane Etxezarreta (Olaberria), soinu jotzaile, irabazi zuten txapelketa. Bikote irabazleak 100 puntu eskuratu zituen.

Sei bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta maila ona eskaini zuten. Bizkaiko trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina jo behar izan zituzten parte hartzaile guztiek, Zaldibarko (Bizkaia) Olazar pilotalekuan. Iriartek eta Ane Etxezarretak Arin-Arinarekin lortu zuten beren puntuaziorik altuena (25,80). Porrusaldarekin 25 puntu eskuratu zituzten, 24,70 Bizkaiko trikitiarekin eta 24,50 Fandangoan.

Bigarren izan ziren Eider eta Leire Tolosa hernaniarrek, 98,40 puntuarekin. Hirugarren sailkatuak Ianire Segurola (Hernani) eta Elaia Díaz (Astigarraga) izan ziren, 89,90 puntu pilatuta.

Sailkapena

Horrela, Bizkaiko Trikitixaren saria ere banatu zuten igandeko txapelketan, eta hori Iriarte eta Etxezarreta bikoteak eskuratu zuen; izan ere, 24,70 puntu bildu zituzten pieza horrekin.

Eta, pandero-jole onenaren saria Leire Tolosak (Hernani) irabazi zuen. Fandangoa ondoen jo zuen soinujolearena, berriz, Eider Tolosak (Hernani).

Honako hau izan zen igandeko jokatutako Euskal Herriko Txapelketako sailkapena: 1.- Sara Iriarte (Villabona) eta Ane Etxezarreta (Olaberria): 100 puntu. 2.- Eider Tolosa eta Lierni Tolosa (Hernani): 98,40. 3.- Ianire Segurola (Hernani) eta Elaia Díaz (Astigarraga): 89,90. 4.- Araitz Etxaniz (Azkoitia) eta Enaitz Alberdi (Azpeitia): 81. 5.- Eider Garro eta Araitz Elizalde (Hernani): 79,40, eta 6.- Ane Arrizabalaga eta Ane Urzelai (Legazpi): 76,80.

 

Fotos

Vídeos