Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainako lehen saritua Lazkaon

Jeronimo Alvarez de Eulate./
Jeronimo Alvarez de Eulate.

Kanpainak maiatzaren 31 arte jarraituko du, eta bigarren zozketa bat egingo da ekainean, kanpaina bukatzean

A.A. LAZKAO.

Martxoaren jarri zuen martxan Euskaltzaleen Topaguneak, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren aurtengo edizioa. Irakurzaletasuna bultzatzeko xedea duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, eta helburu honekin jarri dira berriro elkarlanean herrietako Euskaltzale Elkarteak, Euskara zerbitzuak, liburutegiak eta liburu dendak. Lazkaoko kasuan hamaikagarren urtez errepikatu da kanpaina eta Gerriko Kultur Elkartea eta Udala izan dira aurten ere antolatzaile, Lazkaoko Udal liburutegiaren babesa eta Gerriko liburu dendaren laguntzarekin.

Udal liburutegietako euskarazko liburuak maileguan hartu, irakurri eta fitxa betez, liburuak merkeago erosteko deskontua lortzen dute irakurleek baina orain arte kanpainan parte hartu dutenen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatu dute gainera Lazkaon. Jeronimo Alvarez de Eulate, Maizpide Euskaltegiko ikasleak, irabazi du saria.

«Eskertzekoa da euskara ikastera Lazkaora etortzen direnek ere kanpainan parte hartzea» diote Gerrikon, eta horixe izan da Jeronimoren kasua; adinean aurrera eta beren lanetatik erretiratutako pertsonez osatutako taldean aritu da euskara ikasten, martxoan eta apirilean. Irakasleak IGO kanpainaren berri eman, parte hartzera animatu eta gustura aritu omen da talde guztia euskarazko liburuak irakurtzen: 'Esnearen kolorekoa' (Nell Leyshon), 'Ostegunak' (Jon Arretxe) edo 'Arotzaren eskuak' (Alberto Ladron Arana) irakurri dituzte taldean, besteak beste, eta eguneroko bizitzan euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zutenak ere, zaletu egin omen dira. «Euskaraz ere irakurri eta gozatu egin dezaketela deskubritzea polita izan da beraientzat», diote.

Kanpainak maiatzaren 31 arte jarraituko du, eta bigarren zozketa bat egingo da Lazkaon ekainean, kanpaina bukatzean.