Ipar Ameriketatik bueltan da Bertsopilota taldea

Sei lagunez osatutako taldea izan da oraingo hau, lau pilotariz eta bi bertsolariz osatua. / IÑAKI LIZASO
Sei lagunez osatutako taldea izan da oraingo hau, lau pilotariz eta bi bertsolariz osatua. / IÑAKI LIZASO

Balorazio oso positiboa egiten dute, izandako harrera eta bertakoen eskuzabaltasuna azpimarratuz

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Apirilaren 14ean hasi zen Ipar Ameriketako Bertso Pilota bira. Sei lagunez osatutako taldea izan da oraingo hau, lau pilotariz eta bi bertsolariz osatua. Pilotariak honako hauek: Asteasuko Xabi eta Jon Urbieta anaiak, Orioko Ibon Aranalde eta Villabonako Iñaki Lizaso. Bertsolariak, berriz, Zizurkilgo Unai Mendizabal eta Amasako Oihana Iguaran. «Lehen hegaldia Bartzelonatik San Frantziskoko Oaklandera izan zen. Bidaia probestuz, inguruak ezagutzeko aukera izan genuen: Golden Gate, Alcatraz, Lombart street...», adierazten du Iñaki Lizaso, Behar Zanako pilotariak.

Lehen hiru egunak San Frantziskon igaro ondoren, apirilaren 16an Basque Cultural Centre San Frantziskoko Euskal Etxean izan zen lehen Bertsopilota. Euskal Herriko pilotalekuen oso antzerakoa da bertakoa, 1982an eraikia eta saio polita eskaini ahal izan zen. Lehen partidan, Atzapar pilota taldeko Xabi Urbietak eta Orioko taldekoa den Aranaldek 25 eta 22 irabazi zuten Behar Zana pilota taldeko Lizaso eta Jon Urbietaren aurka. Botilero-bertsolariak Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran izan ziren hurrenez hurren. Bertara gerturatu zirenak, bere garaian artzai lanera joan zirenak gehienak, pozarren entzun zituzten Unairen eta Oihanaren bertsoaldiak zein pilotarion tanto gogor eta aurreko koadroetan amaitutakoak.

«Autoa hartu eta Las Vegas, Gran Canyon... bisitatu ondoren, Bakersfield-en izan genuen bigarren bertsopilota. Pazko igandez, jaialdi borobila antolatu zuten bertako bazkideentzat. Bezperan, Wool Growers Basque Restaurant-en bildotsa dastatzeko aukera izan genuen. Euskaldun izate hutsak ate asko ireki zizkigun inguru haietan eta harrera beroa jaso genuen euskal diasporak eragina zuen eta gerturatu ginen toki guztietan», esaten du Lizasok.

Igandean, «500 bazkide inguru dituen Kern County Basque Club-en bertako arduradun Louis Iturririak harrera bikaina egin ondoren, bertako meza ikusteko aukera izan genuen. Gure harridurarako, Euskal Herritik hain urrun, 400 lagunez gutxienez osatutako taldeak euskarazko meza jaso zuten. Abestu ere euskaraz egiten zuten. Bazkaria izan zen ondoren eta Unai, Oihana eta Iñakik kantaldia eskaini zuten bertakoentzat. Ondoren izan zen Bertsopilota. 1978an eraikitako 'Our Dream-Gure ametsa' kantxa estali gabean, 25-23ko emaitzaz amaitu zen pilota partida. Oraingoan ere, Urbieta gazteak eta Aranaldek irabazi zuten lehia estua», baieztatzen dute.

Azken eta hirugarren saioa Chinon, Los Angelesen izan zen. Chinoko Centro Bascon dago pilotalekua. Jatetxea da batetik, eta beraien elkartokia bestetik. Pilota plaza da azken hau, 5metro inguruko ezker eta eskuin paretekin. Guztietan zaharrena omen baina eraikitako urtea esaterik ez zuten izan. Los Angeles hiria eta bertako hondartza, izarren pasaleku eta bitxikeriak ezagutzeko aukera izan ondoren, apirilaren 23an jokatu zen birako azken partida. «Partida 30-28ko emaitzaz amaitu zen, berriz ere Urbieta eta Aranalderen alde. Guztietan emaitza estua izan arren, Iguaranen Lizaso eta Ubieta bikoteak ezin izan zuen partidarik irabazi Mendizabalen bikotearen aurka».

Gure ohiturak

Partidaren ondoren izan zen ziurrenik bidaiako unerik goxoena. Euskaldunez inguraturik, Centro Bascon afari ederra prestatu zuen Bernardette bertako nagusiak, «eta Mike Bidart abeslari ezagunarekin batera, euskal kantu ezagun eta ez hain ezagun abestu genituen». Bertsotarako ere plaza ezin hobea izan zen eta Mendizabal eta Iguaranek bertsoaldi politak eskaini zituzten. «Bertsopilota taldekook orain dela bi urte Argentinara egindako biraz alderatuz, oraingo honetan euskaraz gehiago mintzatu garela esan dezakegu. Bakoitzak bere euskalkian, baina guztiek euskaraz. Bertsoaldiak ez ziren inglesera itzuli, ia denek euskaraz ederki ulertzen baitzuten».

Baina bat ateratzearren, konturatu gara artzain edo bizi hobe baten bila joan ziren euskaldun guzti hoien ondorengo gero eta gutxiago geratzen dela. Euskal Herritik apenas joaten da gazterik, eta bertakoak gero eta zaharragoak dira. Horixe da beraiek esaten zutena, eta pixkanaka, euskaraz mintzatzen diren horiek gutxituko dira. Seme alabak eta ilobek euskara bizirik mantentzeko, lana erruz egiten duten arren, erronka gogorra eta zaila dute euskararen sua bizirik mantendu ahal izateko», amaitzen du Lizasok.