Intxurreko pilotariek bost partida bilduko dituen jaialdia izango dute bihar

GOIKOETXEA ALEGIA.

Bost partida bilduko dituen jaialdia izango dute bihar arratsaldean Intxurreko pilotariek Alegiako Elorri pilotalekuan. Lehen bi partidak alebinen mailakoak izango dira, ondorengo biak infantilenak eta azkena nagusien bigarren mailakoa, Intxurre eta Gaztelekuko bikoteen artekoa izango da.

Bestalde, Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak maila oso ona eman dute binakako pilota txapelketako lehen itzulian. Zazpi partidetatik lau irabazi dituzte eta behin behinean finalerdietarako txartela ematen duten postuetako batean daude sailkapenean. Laugarrenak dira Ezkurdiaren eta Galarzaren aurka iragan asteburuan 22-16 irabazi ostean, eta gaur jokatuko dute zortzigarren jardunaldiko partida: Bengoetxearen eta Imazen aurka ariko dira Getarian. Partida garrantzitsua izango da. Izan ere, Artola eta Mariezkurrena laugarren postuan daude eta aurkariak bosgarrenean, puntu bat gutxiagorekin. Beraz, Artolak eta Mariezkurrenak irabazten badute, bosgarren postuarekiko bi puntuko tartea zabalduko dute.

 

Fotos

Vídeos