Intxurreko kadete mutilak koparako final laurdenetarako sailkatu dira

A.G. ALEGIA.

Intxurre futbol taldeko kadeteen mailako mutilek 0-1 irabazi zioten pasa den jardunaldian Zarautz C taldeari kopako final zortzirenetan. Kanporaketa hori gaindituta, final laurdenak jokatuko dituzte asteburuan berriz ere Zarautzen, kasu honetan Zarautz Bren aurka. Final laurdenetan izango den Intxurreko beste taldea gorengoen mailako emakumezkoena da: asteburuan etxean jokatuko dute Trintxerperen aurkakoa eta irabazten badute finalerdietan izango dira.

Bestelakoan, erregional, jubenil eta alebin mutilek eta infantil neskek asteburuan agurtuko dute denboraldia. Erregionalek hiruna berdindu zuten Irauli Bostekoren aurkako kopako partida eta azken jardunaldian Ostadarren zelaian jokatuko dute. Jubenil mutilek Eibarren aurka etxean jokatuz agurtuko dute igoera fasea; iragan asteburuan 5-2 galdu zuten Real Unionen kontra. Infantil neskek 4-6 irabazi zioten Danenari eta bigarrenak dira, azken jardunaldian Urnietaren aurka etxean jokatu aurretik. Azkenik, alebinek Billabonaren aurka jokatuz amaituko dute denboraldia.

Ibilaldira joateko autobusa

Igandean Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia ospatuko da Lekeition, eta autobusak antolatzen ari da Galtzaundi Euskara Taldea. 9:25ean aterako da autobusa tren geltokiaren paretik, eta itzulera ordua 19:00etan izango da Lekeition. Izena eman nahi dutenek bihar, izango dute azken eguna kultur etxean, 12 euroren truke.