Iñaki Aizpurua, EH Bilduko alkategaia

Aizpurua bere lan taldearekin./
Aizpurua bere lan taldearekin.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ITSASONDO.

Iñaki Aizpurua izango da Itsandoko EH Bilduko alkategaia. Ez du lehen legealdia Aizpuruk, 6 urte baitaramatza zinegotzi lanetan Itsasondoko Udalean, EH Bildu alderdiarekin. Maiatzeko udal hauteskundeetan, ordea, alkate izateko hautagai gisa aurkeztuko da. Biologia ikasketak eginak ditu Aizpuruk, eta biologo lanetan jardun du, ikasketak amaitu zituenetik. Naturak kezkatzen du, eta hura zaintzea izan da betidanik bere ardura eta egitekoa.

«Bizitzeko egokia den herria eraikitzea» du helburu, eta xede hori gogoan, herritarrekin eta herritarren-tzat lan egiteko asmoz aurkeztu da alkate gisa.

Ez du bakarrik jardungo, ordea, «ilusioz beteriko» lan talde «dinamiko eta langilea» izango du bidelagun. Nagore Etxeberria izango da zerrendan bigarrena. Aizpururekin eta Etxeberriarekin batera, Gorka Martinez, Aiora Zurutuza, Maddi Alberdi, Rosi Noguera, Iker Mendizabal, Axier Garro, Leire Telleria eta Aitor Arrospidek osatzen dute EH Bildu alderdiaren zerrenda. «Herriarekin eta herriarentzat lan egiteko konpromisoa» hartu dute.

Egun, Herri bizitza, Lurralde antolaketa eta Ongizate izeneko lan batzordeetan antolatuta daude herritarrak, eta taldean lan egiten dute. Datozen urteetan ere bide beretik lan egiteko asmotan dira EH Bildu alderdiko kideak.

«Ilusioz eta lanerako gogotsu» aurkeztu dira, itsasondoarrentzat egokia den herria eraiki asmoz. Aurrez udalean lanean aritu diren alderdiko kideek abiatutako lanak amaitzea eta proiektu berriei heltzea dute asmoa hurrengo legealdian, betiere eta «ahal den neurrian, herritarren kezkak, iritziak eta proposamenak gogoan izanda», argi baitute «herritar denen artean» eraikiko dutela Itsasondo.