Illarregi leitzarra nagusi X. Osinberde sarian eta Izagirre azkoitiarra bigarren
Biek datorren apirilaren 15ean Gabirian jokatuko den Osinalde sariko finalean aritzeko txartela lortu dute
Bertsolari gazteen 51. Osinalde sariketako bigarren kanporaketa eta Osinberde sariaren hamargarren edizioa jokatu berri dira Zaldibian eta bertan Xabat Illarregi leitzarra geratu zen garaile. Honen atzetik berriz, Unai Izagirre azkoitiarra sailkatu zen bigarren postuan. Lortutako emaitza aipagarri hauen eskutik, bi bertsolari hauek Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den sariketan parte hartzeko pasea lortu zuten.
Osinalde sariko finala, datorren apirilaren 15ean gauzatuko da elkarte gabiriarrean. Zaldibiako hitzorduarekin batera, hilaren 18an Ordizako Argi Berri Sariketak ere finalean aritzeko beste bi txartel banatu zituen, eta kasu honetan Lander Arizmendi ordiziarra eta Oihana Arana eskoriatzarra sailkatu ziren. Aurreko hauetan finalerako pasea lortu ez dutenek, hirugarren eta azken kanporaketa bat izango dute horretarako larunbat honetan, apirilaren 1ean, Aztirian jokatuko den saioan. Bertan sailkapena lortzen duen azken bikoteak finalean arituko den seikotea osatuko du azken sariaren bila.
Xabat Illarregiren gaua izan zen Osinberde sariketakoa, sailkapena eta lehen postua lortzeaz gain ere, entzuleen saria ere lortu baitzuen. Joxepaneko arduradun den Lurdes Barcinak egurrezko talla dotore bat eman zion sari moduan leitzarrari.
Sei bertsolari aritu ziren lanean Osinberden: Bittor Altube (Abadiño), Maddi Aiestaran (Beasain), Iker Ormazabal (Hernani), Xabat Illarregi (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Unai Izagirre (Azkoitia). Aurkezle lanetan Joxi Irastorza aritu zen eta bertsolariak kopletan aritzeko, Urko Ormaetxea eta Aitzol Jauregi trikitilarien laguntza izan zuten. Bertsolari bakoitzak sariketan parte hartzeagatik oroigarri bana jaso zuen eta Illarregik horrez gain, irabazlearen garaikurra ere bai. Epaile lanetan, Martin Aramendi, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Iñaki Murua 'Gorriñe' aritu ziren. Aurtengo Osinberde sariketan 60 lagun izan ziren afaltzen eta ondorengo bertso saioa entzuten beste dozena bat lagun gehitu ziren Joxepaneko jangelara. Afari ederraz eta honen osteko giro apartaz gozatzeko aukera izan zuen, bertan eskainitako bertso saio dotoreaz aparte.
Aipatzekoa, ZABELek (Zaldibiako Bertsozale Elkartea) Joakin Zubeldia 'Zarra' eta Josebe Esnaolari egindako aitortza, Osinberde Saria ospatzen hasitako garaian Joxepaneko martxa eramateko egindako esfortzuagatik. Beraien inplikazio eta laguntza ezinbestekoa izan dela gogoratu nahi izan zuten sariketa honen ibilbidean eta eskerrak eman zizkieten horrenbeste urtetan zehar egindako lanagatik.