Ikasgeletako lana kalera atera dute San Benitoko ikasleek

Eki proiektuaren baitan ikasitakoa jende aurrean erakutsi zuten ikasleek. / ALARCIA
Eki proiektuaren baitan ikasitakoa jende aurrean erakutsi zuten ikasleek. / ALARCIA

Azken hiruhilekoan ikasitakoa proiektu bakarrean bildu eta jende aurrean aurkeztu dute bosgarren mailakoek

AINARA ALARCIALAZKAO.

'Eki proiektua' Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak bultzatutako programa da eta konpetentziak eta egoerak uztartzen ditu. Integrazioaren pedagogia du ardatz eta Lazkaoko ikastolan bosgarren mailatik aurrera jarraitzen duten irakaskuntza eredua da (datorren ikasturtean laugarren mailatik aurrera).

Ikasleek proiektu bakar batetan batzen dute ikasgai desberdinetan ikasten dutena. Honela, ingurumen, matematika, musika edo hizkuntzetako eskoletan hirugarren hiruhilekoan ikasitakoa materia eta lan sektoreekin erlazionatuz, talde-lanean egindako proiektua osatu dute oraingoan San Benitoko bosgarren mailako ikasleek eta herritarrei aurkeztu die, herriko plazan lehenengo eta ikastolan ondoren, gurasoei zuzendutako saioan.

Materiaren ezaugarriak ezagutu dituzte eta esperimentu bidez azaldu dizkie aurkezpen saioetara hurbildutakoei. Gainera materia lan sektoreekin erlazionatuz, antxoak kontserban, paper birziklatua edo ogia eta gazta nola egiten diren ikasi eta irakatsi dute. «Azken finean lehen sektoreko lehengaiak materia direlako -azaldu du Joxe Luis Etxezarreta irakasleak- eta hauen eraldaketa bigarren sektorea... Denda bat ere badugu, hirugarren sektorea irudikatzeko».

Geletan ikasitakoa plazara ateraz «beste konpetentzia batzuk ere landu ditugu, edukiez gain», azaldu dute. Ikasketa programa garatu dute, dena prestatzeko beharrezkoa izan baita, baina taldean lan egiten ikasi dute gainera ikasleek, aurkeztutako guztia talde-lanaren emaitza izan delako, eta, proiektua plazaratzean, jende aurrean azalpenak emateko gai direla erakutsi dute, hiru hizkuntzetan gainera.