Borrar
Talde ezberdinetako dantzari gazteak Seguran bilduko dira ekainaren 27tik 29ra Gazteen Dantza Topaketan. ZABALA

Segura

III. Gazteen Dantza Topaketa: euskal dantzaren etorkizuna sendotzeko gunea

Segura dantzari gazteen topagune izango da ekainaren 27tik 29ra, belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko helburuarekin

Martes, 18 de febrero 2025, 19:41

Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako Gazteen Dantza Topaketaren hirugarren edizioa Seguran ospatuko da ekainaren 27tik 29ra. Ekimen honek Euskal Herriko 15 eta 25 urte bitarteko dantzari gazteak bilduko ditu, euskal dantza tradizionalaren etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Bertaratzen direnek harremanak sustatzeko, dantzaz modu ludiko batean gozatzeko eta belaunaldien arteko transmisioa sendotzeko aukera izango dute.

Dantza taldeak bizirik

Topaketaren helburu nagusien artean dago dantza taldeen biziraupena bermatzea, gure dantza tradizionalaren kontserbazioa eta hedapena sustatuz. Azken urteotan, gazteen artean taldeetatik aldentzeko joera areagotu da, eta horrek belaunaldien arteko erreleboa arriskuan jar dezake. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da taldeko kide izatearen sentimendua indartzea eta bakoitzaren garrantzia azpimarratzea.

Horretarako, ekitaldiak harremanak estutzeko aukera emango die parte-hartzaileei, Euskal Herriko herrialde ezberdinetako dantzariak elkartuz. Era berean, dantzaz gozatzeko eta tradizioa modu ludikoan bizitzeko espazioa eskainiko du, parte-hartzaileen inplikazioa sustatzeko.

Dena dela, dantza ez da soilik mugimendua, baizik eta komunitate sentimenduaren eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen den kulturaren isla. Hori dela eta, Gazteen Dantza Topaketan hausnarketarako tartea ere egongo da. Gazteek dantza taldeetan dituzten erronkak partekatu eta arazoei irtenbidea bilatzeko aukera izango dute, haien ikuspegia eta ekarpenak balioetsiz.

Topaketa hau Euskal Dantzarien Biltzarrarak sortutako ekimena da, eta honen helburu nagusia gazteak euskal dantzan inplikatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea da. Ekimen honek euskal kulturaren transmisioa bizirik mantentzeko beharrezko estrategiak aztertzea du xede, eta horretarako, gazteen arteko loturak sendotzea eta dantza tradizionala modu erakargarri batean bizitzea proposatzen du.

Izena emateko epea otsailaren 24tik martxoaren 21era bitartekoa izango da. Interesa dutenek informazio gehiago eskuratzeko aukera izango dute otsailaren 18an egingo den online informazio-saioan. Bertan, ekitaldiaren xehetasunak azalduko dira eta zalantzak argitzeko aukera egongo da. Parte hartu nahi dutenek www. gazteendantzatopaketa.eus webgunearen bidez informazio gehiago jaso dezakete edo gazteendantzatopaketa@gmail.com helbidera idatziz.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco III. Gazteen Dantza Topaketa: euskal dantzaren etorkizuna sendotzeko gunea

III. Gazteen Dantza Topaketa: euskal dantzaren etorkizuna sendotzeko gunea