Kanpaina datozen asteetan egongo da martxan mankomunitateko udalerrietan. NÚÑEZ

Ibarra

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiatu du Uemak

Haur zein helduei euskaraz hitz egitera gonbidatzen dute, jatorriari begiratu gabe

Amaia Núñez

Ibarra.

Viernes, 10 de noviembre 2023, 21:04

Gero eta gehiago dira etorkin jatorriko familiak gure artean, urteak daramatzate eta, nahi gabe, askotan gaztelaniara jotzen da beraiekin hitz egiterakoan, euskaraz hitz egitea nahiago duten pentsatu gabe. Horregatik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina jarri du martxan, atzo Ibarran aurkeztu zena.

Publicidad

Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen dira protagonistak. Batzuk atzerrian jaioak, besteak Euskal Herrian, euskara dute beraien hizkuntzetako bat, eskolan eta lagunartean hitz egiten dutena, baina kalean hori aldatzen da. Askotan, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edo bestelako arrazoiengatik gaztelaniaz hitz egiten diete herritarrek.

Euskara ukatzean «bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren», adierazi zuten atzo agerraldian parte hartu zuen Andriy Tsera ibarrako ikasleak; eta kanpainako bideoetan argi uzten duten moduan, «badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako».

Ekimen honen jatorria duela urte batzuk Zaldibiako Lardizabal eskolan martxan jarri zuten 'Euskara eta Kulturartekotasuna' egitasmoan dago. Eider Amundarain eskolako zuzendariak azaldu zuenez, guraso batzuk kexatu egin ziren beraien seme-alabei herrian gaztelaniaz hitz egiten zietelako. «Azalaren koloreagatik edo zein familiakoak ziren zekitelako gaztelaniaz hitz egiten zieten haur horiei», azaldu zuen, eta horregatik programa berria jarri zuten martxan «euskara ardatz izaten jarraitzeko arnasgunea den herri batean», Uemarekin elkarlanean, Huhezi eta Zaldibiako hainbat eragileren parte hartzearekin.

Zaldibiako eredua ikusirik, beste herri batzuetara zabaldu dute 'Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' egitasmoa azken bi ikasturteetan. Ibarrako Uzturpe ikastolan lau familiatik bat etorkin jatorrikoa dela azaldu zuen Aitor Bengoa ikastolako zuzendariak eta, beraz, arazo berarekin topo egin zuten. «Ikastolan bertan ikusten genuen bazirela euskaraz jakin arren beraien jatorriagatik edota azalaren koloreagatik hasieran askotan gaztelera entzuten zuten ikasleak zein gurasoak», eta horregatik 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin bat egitea erabaki zuten.

Publicidad

Zentzu berean hitz egin zuen Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotziak: «Azken urteotan Ibarrara etorri diren eta Ibarran errotu diren herritar asko ditugu hemen. Horietako hainbaten seme-alabak dagoeneko Ibarran jaiotakoak dira. Baina oraindik ere, askotan, aurreiritziak dituzte herritarrek horien inguruan, eta horiei aurre egin nahi diegu, herritar horiei euskara ez ukatzeko eskatuz».

Kanpainaren aurpegia ikasleak diren arren, helduekin ere modu berean jokatzera animatu zuen Martin Aramendik Uemako lehendakariak. Izan ere, hainbatetan entzun behar izan dute «euskara ikasten egundoko ahalegina egin dutela, euskara ikasten ari direla edo euskara ikasi dutela, eta gero erdaraz hasten zaizkiela herritarrak. Euskara ikasi duten heldu askok ere eskatzen baitigute euskaraz egiteko mesedez. Hori nabarmendu nahi dugu kanpaina honekin, azalen koloreak kolore, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei», azpimarratu zuen Uemako lehendakariak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad