Ibarbi sagarraz harro errezildarrak

Jendetza. Errezilgo frontoia bisitariz bete zen Sagar Eguneko azokan. / YARZA
Jendetza. Errezilgo frontoia bisitariz bete zen Sagar Eguneko azokan. / YARZA

Fruta honi eskainitako asteari amaiera emateko azoka berezia egin zuten atzo | Herritarrek jarritako postuetan sagarrak eta harekin egindako gozo, zuku eta likoreak izan ziren nagusi

YARZA ERREZIL.

Sagarrak herrian duen garrantzia nabarmendu zen atzo Errezilen fruitu honi eskainitako asteari amaiera emateko. Hala, azoka berezia izan zen frontoian Errezilgo Azoka emakume taldeak, Udalak, Errezil Sagar taldeak, eta Urkome Landa Garapen elkarteak antolatuta. Herritarrek jarritako postuetan sagarrak eta sagarkiak izan ziren nagusi. Mugarrieta, Lizarreta Errota, Irure Txiki eta Aranguren baserrietako sagastietan jasotako Ibarbi sagarrak, baita sagar-dultzeak zein muztioa erosi ahal izan ziren, eta Errezil Azokako emakumeek ere sagarrez gain hauekin egindako marmelada, likore, tarta eta gozoak izan zituzten salgai.

Artisautza lanak ere ez ziren falta izan: Lourdes Urrestarazuren lore lehorrekin egindako lanak eta Ines Alustizaren ukenduak. Era berean Iñaki Agirrezabala saskiak egiten aritu zen goiz osoan bere postuan eta haurrek ere berea egiteko aukera izan zuten. Jakoba Errekondo paisajistak ere azokan izan zen liburuak eta egutegiak saltzen eta postura gerturatu zirenek lorezaintzaren inguruko kezkak galdetu zizkioten.

Azokarekin batera sagar muztioa nola egiten den erakutsi zuten, sagarrak zanpatzetik dolarean zukua ateratzeraino. Urtero bezala sagar-dultze lehiaketa egin zen. Azokaren erdian jarritako mahaietan egon ziren dastagai eta bozka guztiekin eman zen saria. Irabazlea Lizarreta Errotako Joxepa Mujika izan zen.

 

Fotos

Vídeos