Historiaurreko lehen mapa izan daitekeena aurkitu dute Basagainen

Basagain herrixka goitik ikusita, azalpen panel batekin. /  NÚÑEZ
Basagain herrixka goitik ikusita, azalpen panel batekin. / NÚÑEZ

Duela 25 urte, Basagain ondoko pinudian aurkitu zen Euskal Herriko lehen haizeola dena

NÚÑEZ ANOETA.

Xabier Peñalver arkeologoak gidatzen duen lantaldeak bi hamarkadatik gora daramatza irailero Anoetako Basagain Burdin Aroko herrixka industen. Herrixka txikia izanik ere, 2,9 hektareakoa, bere garaiko garrantzitsuenetakoa da eta Gipuzkoako Burdin Aroko zortzietako bat. Duela hamar urte egindako kanpainan lerro horizontal eta bertikalekin dekoratutako estela edo hilarri bat aurkitu zuten eta hurrengo urteetan lerro berean jarritako harri gehiago aurkitu dituzte, baita lerroekin dekoratutako harri txikiagoak ere.

Dekoratutako hilarrien funtzioa orain arte ezezaguna zen arren, Peñalverrek egindako ikerketa lanean ondorioztatu du Basagaingo lehen mapa izan daitekeela. «ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dago, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak irudikatuta daude, beren artean ondo bereizita. Seinaleek, eta (X) marka batzuek, azpimarratzen dute irudikapenaren zati horien indibidualizazioa», azaldu zuen Aranzadiko arkeologoak.

Maparekin batera, bigarren hipotesi bat ere badu, hau da, «lursail bereizien irudikapena izatea, non marka desberdinen bidez adierazita dauden jabetzak, labore motak edo bestelako alderdi batzuk». Horrela balitz, orain arteko lehen kasua izango litzateke Anoetakoa.

Aurkikuntza hau azken hilabeteetan ezagutzera eman den beste aurkikuntza bati gehitzen zaio. Izan ere, Basagain ondoko pinudian aurkitu zen Euskal Herriko lehen haizeola dena. Aurkikuntza duela 25 urte egin zen baina aurten egin zaio datazioa, Burdin Arokoa dela ziurtatzen duen emaitzarekin.

Bisitarako panelak

Basagaingo herrixka herritarrei eta bisitariei gerturatzeko asmoz, udaberriaren hasieran Anoetako udalak seinale berriak jarri zituen herriko plazatik bertara iristeko, baita informazio panelak ere duela 2.500 urteko bizitza nolakoa zen azaltzeko. Gainera, Peñalverrek azken urteotan egindako lanaren ondorioa den herrixkaren ikuspegi birtuala ere agertzen da indusketa gunearen inguruan kokatutako hiru informazio-mahaietan.

Horrela, harresiaren ondoan dagoen lehenengo mahaian, herrixka inguratzen zuen harresia nolakoa zen ageri da, harriaren gainean zuen egurrezko itxiturarekin. Bigarrenean, pagoaren ondoan etxebizitzen gunea eta estelen kokapena erakusten da. Azkena, hegoaldeko begiratokian dago, Tolosaldeko bailarari begira, inguruarekiko zuten kontrola adierazteko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos