Herri-lasterketarekin ospatu zuten Korpus eguna

Txikiek, gazteek nahiz helduak lehian ibili ziren Korpus eguneko krosean. / ARGAZKIAK NÚÑEZ
Txikiek, gazteek nahiz helduak lehian ibili ziren Korpus eguneko krosean. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

NUÑEZLEGORRETA.

Adin guztientzako herri-lasterketak izan ziren atzo goizean Legorretan Korpus eguna ospatzeko. Benjamin mailan parte hartzaile guztiek jaso zuten oroigarria eta gainerako mailatan lehen neska-mutilentzat izan zen saria. Alebin mailan Natali Belamendia eta Iker Insausti izan ziren garaileak, infantiletan Ane Martin eta Martin Iraola lehenak iritsi ziren, eta kadeteetan Irati Goikoetxea eta Eneko Ugartemendia izan ziren irabazleak.

Helduetan, Aritz Garin izan zen helmuga gurutzatzen lehena, 23 minutu eta 52 segundotan, bigarren Raul Gomez izan zen eta hirugarren Jon Ander Cabero. Emakumezkoetan, Raluka Ispizuak irabazi zuen 28 minutu eta 49 segundotan, bigarren Oihana Oleaga izan zen eta hirugarren Ainara Urrutia.

Gaur San Juan sua

Gaur igandean, San Juan bezpera ospatuko da Legorretan. Arratsaldeko 19:30ean Irrintzi Alai taldeak sardinak eta postreak jarriko ditu salgai plazan. 20:00etan zahagi-ardoa egingo da plazan. Udalak ardoa eskainiko du bertaratzen direnentzat.

Iluntzeko 21:00ean Elekun abesbatzak emanaldia eskainiko du. Jarraian San Juan sua piztuko da eta Irrintzi Alai taldeko dantzariek ikuskizun berezia eskainiko dute suaren inguruan. Bitartean, sardina-jatea izango da plazan, jasotakoa Irrintzi-Alai taldearentzat izango da. Festari amaiera emateko trikitixa izango da.