Herri-kirol erakustaldi bikaina

Bi taldeak herri-kirol erakustaldia hasi aurretik. /  ARGAZKIAK NÚÑEZ
Bi taldeak herri-kirol erakustaldia hasi aurretik. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

NUÑEZ ALKIZA.

Alkizako jaiak giro ederrean doaz aurrera. Atzo herritarren eta Zizurkildarren arteko herri-kirol erakustaldi arrakastatsua ospatu zen Asier Saralegiren, Jon Zabalaren eta Izaskun Zabalaren omenez. Saralegiren Alkizako eskolako ikaskideak eta Zizurkilgo koadrilla aritu ziren elkarren aurka.

Herriko plaza ikuslez bete zen bi taldeen arteko demaz gozatzeko. Ingudea altxatzen, aizkoran, harrijasotzen, lokotx-biltzen, korrika, zaku-karreran, estraperloan, karretila eramaten, txingak eramaten, trontzan eta sagar biltzen aritu ziren, zirkuitua bi aldiz osatuz. Lehenengo itzulia Zizurkilgoek irabazi zuten eta Alkizakoek bigarrena, eta berdinketa hausteko, amaieran aulkien posizioan nork denbora gehiago irautera lehiatu ziren. Zizurkildarrek bost minutu eta berrogeita bat segundo iraun zuten erori aurretik, alkizarrek bere horretan jarraitu zutelarik.

Herri-kirol erakustaldiaren amaieran sagardo-dastaketa izan zen. Eguraldia lagun, ikusleak gogoz gerturatu ziren sagardoa dastatzera.

Gainera, goizean haurrentzako txirrindulari lasterketa antolatu zen. Txikienak plazan bertan egin zuten itzulia eta gaztetxoek plazatik abiatu eta hilerrirainoko itzulia osatu behar izan zuten taldeka. Gogoz saiatu ziren guztiak eta denek eraman zuten domina etxera. Maila bakoitzeko lehenengo hirurek garaikurra jaso zuten. Txikienetan, bi eta lau urte artekoetan, Alain izan zen garaile, bigarren Eneko eta hirugarren Koxme; Bost eta sei urtekoetan Unaik irabazi zuen, bigarren Jokin eta hirugarren Urtzi izan zen; zazpi eta zortzi urtekoetan Uxue izan zen lehena, bigarren Naia eta hirugarren Iraia; bederatzi eta hamar urtekoetan Oierrek irabazi zuen, bigarren Amets eta hirugarren Enara izan zen. Hamar eta hamabi urtekoen artean Xuharrek bakarrik parte hartu zuen, eta berak eraman zuen lehen saria.

Gaurko egitaraua

Gaur izango dute Alkizan jaien azken eguna. Goizeko 10:00etan meza ospatuko da eta 11:00etatik aurrera haurren pelota partiduak jokatuko dira eta eguerdian, txakolin-dastaketa egingo da. Arratsaldean, 18:00etan bertso-saioa izango da elizan Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Jarraian, Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria izango da eta taloak izango dira Eko Taloren eskutik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos