«Herriaren beharrak asetzen saiatzeko aurkeztu gara»

Aurre Alegia taldeko hautagaiak. / A. GOIKOETXEA
Aurre Alegia taldeko hautagaiak. / A. GOIKOETXEA

Zabor bilketa berraztertu eta hainbat azpiegituren berrikusketa proposatzen du Aurrera Alegia taldeak

AMAIA GOIKOETXEA ALEGIA.

«Talde hau osatzen dugun guztiok, Alegian bizitzeaz gain, herri hau bizi dugu. Beharrak bertatik bertara ezagutzen ditugu: badakigu haurra izan ondoren pediatrarengana doanak eskailerak igo behar dituela, eskolan dabiltzanek espazio falta dutela, trenera igotzeko herritar askok eragozpen handiak dituztela, etab. Alegiako egoera hobetzeko gure ekarpenak herrirako onak izango direlakoan gaude, eta herriaren alde lan egiteko aurkeztu gara hauteskunde hauetara». Halaxe aurkeztu du bere burua Aurrera Alegia taldeak, eta datozen lau urteetarako prestatu duten lan programaren berri eman die herritarrei Regina Sorarrain buru duen zerrendak.

Alde batetik, zabor bilketa sistema berraztertu beharra dagoela uste dute. «Birziklatu bai ala bai. Baina gaur egungo bilketa sistema berraztertu beharra dagoela uste dugu, datuak mahai gainean jarri eta erabakitzeko eskubidea emango diogu herriari», azaldu dute.

Aurrera Alegiak Alegiako osasun zentroaren egungo kokapena mantenduz espazio eta irisgarritasun arazoak konpontzearen aldeko apustua egiten du. Horrekin batera, Jubilatuen tabernako komunak hobetzeko asmoa ere badu taldeak.

Eskolari ere behar handiak ikusten dizkio Regina Sorarrain buru duen taldeak. «Ia 500 lagun dabiltza egunero bertan, eta orain 40 urte eginiko eraikuntzak behar sakonak ditu: DBH eta LHko sarrera-irteeren birmoldaketa, sarrera nagusiko solairuaren espazioaren berrikusketa, komunak eta dutxak berritzea, patioko estalkia...».

Horrez gain, eskolak Alegiako herriak duen lokal eta espazio falta bati ere erantzuten diola uste dute eta bertan egin beharrekoak eskola komunitate osoak erabaki behar dituela diote, beharrak zerrendatu eta lehentasunak finkatuz. «Horregatik, eskola komunitateko kideek, Hezkuntza Sailak eta Udalak osaturiko lan-talde bat osatzea eta lanean hastea proposatzen dugu».

Hau da Franconi etxerako duen proposamena: «Gune horrek hainbat erabilpen dituela uste dugu, baina lehentasuna adinekoen eguneko zentro batek du, azpieskualde guztira irekia egongo litzatekeena. Hori aurrera eramateko, ordea, eraikinak Amezketa ibaiarekiko duen gertutasunak ekar litzakeen eragozpenak aztertu behar dira». Franconi gunean gazteentzako espazio bat ere egokitu litekeela uste dute.

ADIFekin harremanetan jarri eta tren geltokiaren irisgarritasun arazoak nola konpon daitezkeen lantzea proposatzen dute. Haurreskolaren bizi iraupenari laguntza ematea, gazteentzako negurako denbora pasatzeko lekua prestatzea, adinekoentzat ikastaro bereziak prestatzea, Langaurreren egoera, erreka bazterretakoa, Larraitz auzoko plaza nola dinamizatu, babes ofizialeko etxeak edota gurasoek hainbestetan eskatzen duten igerileku baten bideragarritasuna ere kontutan izango dituztela ziurtatu dute.