Herri Urrats festara joateko autobusa antolatu dute iganderako

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Seaskako Ikastolek antolatzen duten Herri Urrats jaiara joateko, urtero egiten den moduan, autobusak jarriko dira Senperera gerturatu eta hango aintziraren bueltan egun ederra igarotzeko. Igandean da hitzordua. Autobuserako izena Zubimusu Ikastolan bertan eman daiteke. Joan-etorria 10 euro kostako da eta Galtzaundikide eta Atarikide direnei, 8 eurotan aterako zaie. Egunean bertan, autobusa Villabonako kiroldegitik 9:50ean pasatuko da eta Zizurkilen, Oria paper-fabrikako geltokitik, 9:55ean. Zubimusu Ikastolak Herri Urratsera joatera animatu nahi dituzte villabonatarrak «Izan ere, beti dago arrazoi on bat bertaratzeko baina aurten gure babesa helaraztea garrantzitsua da. Seaskako ikastolek urte gutxitan ikasle kopurua bikoiztea lortu dute eta txalotzekoa da, baina horrek beste arazo bat ekarri die. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez die beharrezkoa duten irakasle kopurua jarri nahi», azaldu dute ikastolatik.