Hazien bedeinkatzea, igandean Santa Engrazin

A. ETXEBERRIA SEGURA.

Igande goizean egingo da hazien bedeinkatzea Santa Engraziko ermitan. Apirilaren 16ari jarraitzen dion igandean egin ohi da jai hau Seguran, baina aurten atzeratu egin da, Aste Santuko ekitaldiekin batera zelako. Ospakizunari eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera eliz atarian burutuko den erritoarekin eta , ondoren, meza hasiko da ermita barruan urtean zehar auzoan hildakoen alde. Elizkizuna amaitutakoan, Sakristau-Etxe baserriko Ormazabal sendikoek hamaiketakoaz zerbitzatuko dituzte bisitariak.

Beste urte batez hainbat baserritar inguratuko da Santa Engrazira aurten ere, haziak bedeinkatu eta, bide batez, izadiarekin harreman estua duen festa bizitzera. Haziak ereiteko apirilaren 16ari zain egoteko ohitura dute inguruko baserritarrek eta igandean ere produktu askorekin betetako saskitxoak jarriko dira Santa Engraziren begiradapean, gero uzta ona izan dadin eskatzeko.

Mota guztietako landare haziak eramaten dira erritoan parte hartzeko eta, ospakizuna egokiago janzteko, haziak saskitxoetan eramatea gomendatzen da urtero.