Hainbat ekitaldi asteburu honetan Udaberri Kulturalaren inguruan

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Gabiriako Udaberri Kulturalari jarraipena emateko asteburu honetarako zenbait saio aurreikusirik daude aurtengo egitarauan. Gaur 22:00etan Erraiak irrintzia ardatz duen dokumentalaren emanaldia egongo da kultur etxeko Murgil aretoan. Saioaren aurkezpena, berriz, dokumentala zuzendu zuen Ekain Martinez de Lizarduy zuzendari eta gidoilariak egingo du.

Bestalde, bihar arratsaldean Goruntz dantza talde osoak 17:00etan emanaldia eskainiko du. Saio honetan taldean egun diharduten dantzari guztiek hartuko dute parte, aurten hasi diren haurrek nahiz irakasle lanetan aritzen diren gazteek. Guztira, neska-mutilez osaturiko bost talde arituko dira euskal dantzen erakustaldi bikaina ematen.

Azkenik, igandean, 18:00etan, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolazak antzezturiko 'Rita' antzezlana egongo da elizako saloian: Frank, Unibertsitateko literatura irakasleari, ikasle berri bat etorri zaio: Rita, pelukera. Bi mundu aparte. Irakaslea etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa, baina Ritaren agerpenak berpiztuko du. Ikasleak ikastea maite du eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan, ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena.