Goiko ur-depositua berritzeko akordioa sinatu dute Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Lanek 35.000 euroko aurrekontua izango dute
NÚÑEZ
ALKIZA.
Asteazkena, 20 uztaila 2022, 00:08
Alkizako gehiengoari ur-zerbitzua ematen dion goiko depositua berritu egingo du Udalak. Lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen departamentuarekin hitzarmena sinatu zuten atzo Iñaki Irazabalbeitia alkateak eta Jose Ignacio Asensio diputatuak. Lanek 35.000 euroko aurrekontua izango dute, eta Obra Hidraulikoen departmentuak 30.000 eurorekin finantzatuko du.
Alkateak adierazi zuenez, herritarren ehuneko 75ari ematen dio zerbitzua orain eraberrituko den ur-deposituak, herriguneko biztanleez gain, Aldapa, Sakamidra eta Azaldegi bailaretara banatzen baitu ura. Hala ere, orain paretak pitzatu egin zaizkio eta ura galtzen du. Galera ekonomikoari arrakalak paretetan sortzen duen ezegonkortasun arazoa gehitzen zaio. «Ur asko galtzen du, horrek ekartzen duen gastuarekin. Batetik bertara ura kloratuta iristen delako eta guk kloratutako hori galtzen dugu. Beste arazo bat da arrakala horren ondorioz paretak ez daudela behar bezain sendo eta arriskua dago erortzekoa», aipatu zuen Iñaki Irazabalbeitiak.
Hori horrela, eraikinaren eta ur-biltegiaren hobetze teknikoaz gain, paretak bi metro igoko dituzte, ur-bolumen gehiago gorde ahal izateko eta, honela, hornidura bermatzeko. «Posible izango du Udalak bere herritarrei ur hornikuntza seguruagoa eta osasungarriagoa eskaintzea», aitortu zuen alkateak. Era berean, Jose Ignacio Asensiok azpimarratu nahi izan zuen «Alkizako goiko ur biltegia berritu ondoren hornidura seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izango dute bizilagunek, eta, horrela, alde batetik, ura, ondasun preziatu hori, galtzea saihestuko dugu, eta, bestetik, bizilagunen bizi kalitatea hobetuko da».