Goierriko Birarekin jarraituko dute igandean mendizale lazkaotarrek

Deskargatik atera eta Udanara joango dira eta Deba eta Urola ibaien isurien artean kokatzen den Santui mendi-lerroa gurutzatuko dute

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Lazkaoko Amalur Mendi Elkarteak eta San Benito Ikastolak mendi irteerei hasiera eman diete, urtero bezala. Esparruko erromeria izan zen hain zuzen ere mendizale lazkaotarren ikasturteko lehen hitzordua, irailean, eta igandeko planarekin emango diote jarraipena egutegiari.

Eskualdeari bira ematen dion ibilbidearen zati bat egingo dute oraingoan, Goierri garaian kokatua. Deskargatik atera eta Udanara joango dira hain zuzen ere. Oñati, Antzuola eta Legazpi tartean, Deba eta Urola ibaien isurien artean kokatzen den Santui mendi-lerroa gurutzatuko dute, besteak beste Gorostiaga (951m), Arrolamendi (904m), eta Arranoaitz (899 m) tontorretatik igaroz.. Guztira 13km dituen ibilaldia.

Igandean, goizeko 8.30etan izango da irteera, Lazkaoko Itzala taberna parean. Joan nahi duenak aurrez izena eman behar du 688 74 15 46 telefono zenbakian (whatsappez) edo amalur.me@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

Ikasturteko mendi irteerak

Baina, urtero moduan, Amalurrek eta ikastolak ikasturte osorako mendi irteeren egutegia prestatu dute oraingoan ere. Mendi Elkartetik ikastolako ikasle eta gurasoak gonbidatu nahi dituzte aurtengo irteeretan parte hartzera baina baita beste herritar guztiak ere, gure inguruko mendiak, bidezidorrak eta parajeak lagunartean ezagutzeko aukera paregabea izango delako guztiontzat.

 Igande honetakoaz gain, beste zazpi irteera egingo dituzte urte bukaera bitartean, lehena Villabonan ospatuko den Finalista egunean parte hartzeko, urriaren 21an. Urriaren 28an Lokizera joango dira, helduentzat bakarrik izango den mendi irteeran, eta azaroan Intxurrera, Itziarretik Debara eta Santa Engrazira, 11n, 18an eta 25ean. Azkenik, abenduan, Goierriko itzuliaren beste etapa bat egingo dute, Zumarragatik Mandubira, 2an, eta Lazkaoko mugak ezagutzen jarraituko dute urteko azken mendi irteeran, abenduaren 16an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos