Orexa
Goienerrek jaso zuen Orexa SariaOstiral honetan eman zioten hasiera Santa Kruz jaiei oilarraren jaitsierarekin eta herriaren alde egindako lana eskertzeko sariekin
Eguraldia lagun, ostiral eguerdian bota zuten Santa Kruz jaietako txupinazoa eta oilarra jaitsi zen kanpandorretik asteburua udaletxe zaharreko balkoian igarotzeko. Hasiera ofizialaren aurretik, Orexa Saria banatu zuten, herriaren alde egindako lana eskertzeko sortutakoak. Bigarren edizio honetan, Goiener energia kooperatibak herrian egindako lana eskertu nahi izan zuten.
Orexak Goienerren eskutik egin du trantsizio energetikoa azken urteetan. Lehenengo harremana duela hamarkada bat izan zen, kooperatibako bazkide egitean eta, hurrengo urtean egin zuten lehenengo bilera udaleko kideek herrirako zituzten ideiak elkarbanatuz. Hala ere, hiru urte itxaron behar izan zuten, eguzki-panelen prozesua martxan hasteko. «Orain dela 10 urte esango baligute herrian sortutako energia izango genuela, ez genuke sinestuko. Aitzindariak izan gara eta gaizak ezberdin egiten dakigula erakutsi dugu», aldarrikatu zuen Eneko Maiozek, saria eman aurretik Ganbaran elkarbanatu zituen oroitzapenekin. Gurutze Etxezabal alkatearen eskutik jaso zuten energia kooperatibako kideek saria. Alazne Arruti, taldeko ordezkariak saria eskertu nahi izan zuen, «errekonozimendu hau benetan berezia da guretzako, ze elkarrekin eman ditugu urratsak, aitortu zuen. Orexa «laborategi txikia» izan dela ere adierazi eta elkarrekin egindako bidea azpimarratu nahi izan zuen: «herritarrentzat energia gerturatzea, demokratizatzea, zaurgarritasun egoeran dagoen jendearen babesleku izatea... uste dut asmatu dezuela eta zorionak»
Santa Kruz eguna ostatzeko, herri bazkaria egin zuten elkartean. Herritarrek elkartea eta kanpoaldea ere bete zituzten, eguraldi ona aprobetxatuz. Postrerako, berriz, tarta lehiaketa antolatu zuten eta arratsaldean, herritarren arteko tribial jokoarekin ederki pasa zuten.
Larunbateko egitaraua
Larunbat arratsaldean egingo dira ekitaldi guztiak. Haurrentzako puzgarriak egongo dira 16:30etik aurrera eta amaieran, txokolate jatea egingo da. 21:00etan, herri afaria izango dute Ostatuko Ganbaran eta gauerditik aurrera Gabezin taldearekin erromeria. Ondoren, Dj Nikolas Ormaetxeak girotuko du gaua eta goizaldera, gosaria eskainiko da bertaratuentzat.