Giro onean ospatu zen Txerri Festa Abaltzisketan

Mota guztietako txerrikiak dastatu zituzten./
Mota guztietako txerrikiak dastatu zituzten.

YARZA ABALTZISKETA.

Ohitura den bezala Txerri Festarekin ospatu zuten atzo goizean Kultur Astearen amaiera Abaltzisketan. Herritar ugari gerturatu ziren udaletxeko arkupera Larrunarri elkartean prestatutako txerrikiak dastatzera. Odolkiak, solomoa frijitua edota saltsan, baita hanburgesa edota saltxitxak ere, dastatu ahal izan ziren bazkalordura arte luzatu zen udalak eskainitako hamaiketakoan.

Bitartean, herria gaitzat hartuta antolatu zen argazki-lehiaketako irudi-finalistak ikusi ahal izan ziren paneletan zintzilik. Mota guztietako argazkiak aurkeztu dira, herriko txoko eta baserriak, animaliak, dantzak eta tradizioak zein paisaiak.

Julio Soto eta Beñat Iguaran bertsolariek girotu zuten Txerri Festa, eta beraiek izan ziren argazki-lehiaketako saridunak jakinarazi zituztenak. Iraitz Zubeldiak irabazi zuen lehen saria eta Jon Esnaolak jaso zuen bigarren saria.