Giro ederrean hasi dira San Bartolome jaiak

Trikitilariak eta gazteak poteo-herrikoian. / ARGAZKIAK NÚÑEZ
Trikitilariak eta gazteak poteo-herrikoian. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

NÚÑEZBIDANIA-GOIATZ.

San Bartolome jaiei eman zieten hasiera atzo Bidanian. Agurtzane Zelaia alkateak bota zuen txupinazoa Udaletxeko balkoitik jai parekideak aldarrikatuz. Ondoren, gazteekin batera, poteo herrikoia egin zuten herritarrek, Axier eta Xabier trikitilari azkoitiarrek girotua.

Eguerdian hasiko da gaurko egitaraua bola- eta toka-txapelketa herrikoiarekin. Izena ematea ordu erdi lehenago irekiko da. Aldi berean, herriko gazteen arteko futbol partida jokatuko da. Arratsaldeko 18:00etan Frontoi Txikiko I.go Binakako Txapelketako finalak jokatuko dira. Segidan, 20:00etan, zahagi-ardoa egingo da frontoian. Janaria norberak eraman beharko du eta antolakuntzak jarriko ditu ardoa, ura, ogia, intxaurrak, gazta eta menbriloa. Gaueko 22:30ean, Ibarrako nesken eta idi-parearen arteko dema egingo da. Ondoren, Iratzar taldearekin erromeria.