Giro ederrean agurtu dituzte San Esteban jaiak

Herritar ugari identifikatu ahal izan ziren antzerkian. / ARGAZKIAK: NÚÑEZ
Herritar ugari identifikatu ahal izan ziren antzerkian. / ARGAZKIAK: NÚÑEZ

NUÑEZLARRAUL.

Lau eguneko festa egunen ondoren, igandean agurtu zituzten San Esteban jaiak Larraulen. Giro ederrean eta parte hartze handiarekin igaro zuten San Esteban egunaren biharamuna. Goizean sagardo-dastaketa izan zen plazan eta herritarrez zein bisitariz bete zen plaza antolakuntzak jarritako lau sagardoak dastatzeko, txorizo pintxoez lagunduta.

Jarraian, herriko gazteek 'Irria galdu zuen herria' antzerkia eskaini zuten. Iraide Tejeria Arozena herriko gazteak idatzitako ipuinean oinarritutako antzerkia zen, herriko ia hogeita hamar gaztek parte hartu zutena. Herritarrek gustura ikusi zuten emanaldia, baita sorpresaz beterik, bertan irudikatu baitzituzten herritar ugari ere: Ostatuko sukaldaria, Martin Arizeta eta bere ahariak, Urbieta garraiolaria, eta abar. Amaieran, ikusleek txalo zaparrada eskaini zieten parte hartzaile guztiei.

Arratsaldean, berriz, bertsolarien emanaldiarekin agurtu zituzten jaiak. Maialen Lujanbiok, Iker Zubeldiak, Nerea Ibarzabalek eta Unai Agirrek, Larraulgo bertso eskolako Jexux Mari Irazuk jarritako gaiei erantzun zieten.

Atseden egun batzuen ondoren, San Bartolome eguna ospatuko dute abuztuaren 24an. Egun horretan zozkatuko da jaietan saldu diren boletoen saskia.