Jai giro bikainean jasi zituzten jaiak Elduainen

Tortilla dastaketa izan zen eta haur, gazte eta helduek batukada osatu zuten. /  YARZA
Tortilla dastaketa izan zen eta haur, gazte eta helduek batukada osatu zuten. / YARZA

YARZA ELDUAIN.

Elduaingo herritarrek atzo arratsaldean eman zieten hasiera aurtengo Andra Mari jaiei. Bazkalondoren bota zuten txupinazoa eta jarraian batukada tailerra izan zen. Gainera, patata-tortilla erraldoia egiten hasi ziren jai-batzordeko kideak. Hamalau dozena arrautza, hogeita hamar kilo patata, hiru kilo eta erdi tipula, eta hiru kilo piper berde erabili zituzten tortilla egiteko.

Arratsaldean entseatzen egon ondoren, emanaldia eskaini zuten batukada taldeko kideek. Berrogei inguru haur, gazte zein helduk osatu zuten batukada, eta danborrak jotzeaz gainera, abestu ere egin zuten. Aldi berean, patata-tortilla pintxoak banatu zituzten plazara hurbildu ziren herritarren artean, sagardo zein ardoarekin lagunduta.

Gaur haur-jolasak

Gaur larunbatean, goizeko 11:00etan haurrentzako jolasak antolatuko dira plazan. 11:30ean meza nagusia ospatuko da Santa Katalina elizan eta jarraian, 13:00etan toka-txapelketa herrikoia antolatuko da. 14:00etan herri-bazkaria izango da frontoian eta bazkalondoren, puzgarriak, jolasak eta soka-tira herrikoia egingo da. Gauerdian, Errurik gabe taldearen kontzertua hasiko da eta ondoren Gabezin taldearekin dantzaldia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos