Gipuzkoako txapelketako finaletik kanpo Intxurreko nagusien ohorezko bikotea

GOIKOETXEA ALEGIA.

Gipuzkoako txapelketako finala jokatzeko aukera izan duen Intxurreko lehen bikoteak ezin izan du helburua lortu. Nagusien ohorezko mailan, eskuz binaka gizonezkoetan, finalerako txartela jokoan zuten partida jokatu zuten Intxurreko Zubiriak eta Irazustabarrenak Lazkaoko bikotearen aurka eta 22 eta 7 galdu zuten. Bestalde, eskuz binaka gizonezkoetan, kadeteen bigarren mailan bikote bat ari da eta nagusien hirugarren mailan bi. Gomazko paletan, emakumezkoen jubenilen bikote bat ere ligaxka jokatzen ari da.

Gaur 18:30ean hasita lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Lehen bi neurketak eskuz binakakoak izango dira gizonezkoen alebin mailan. Intxurreko pilotariak Behar Zana eta Sendi Ekintza taldekoen aurka ariko dira. Hirugarrena gomazko paletan aritzen diren emakumezko jubenilena izango da, Intxurre eta Ataungo bikoteen artean. Azkenik, berriz ere eskuz binaka, gizonezkoen nagusien hirugarren mailan Intxurre eta Gazteleku neurtuko dira.

Gaur, antzerkia

Bestalde, udazkeneko kultur egitarauaren baitan, gaur gauean 'Hozkailua' antzezlana ikusi ahal izango da 22:00etan Elizpen zinean. Huts Teatroa taldearen ekoizpen hau Unai Iturriagak idatzi du eta Manex Fuchsek zuzentzen du. Patricia Urrutia eta Ander Lipus aktoreek gorpuzten dituzten pertsonaiek bikote bat osatzen dute. Bikote hori, lagun baten hilotza hozkailu batean duela ari da bidaiatzen. Izan ere, lagunari bere herrian hilobiratuko zutela agindu zioten, baina arazo bat dute: ez dakite laguna zein herritakoa zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos