Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren azoka, bihar

Goizeko hamarretan jarriko dira martxan postuak. /  I.M.
Goizeko hamarretan jarriko dira martxan postuak. / I.M.

23 ekoizle elkartuko dira kontsumitzaileekin plazan

ION MUÑOA ZERAIN.

Ekoizpen, produktu eta bizimodu ekologikoaren erdigune bihurtuko da berriro ere Zeraingo plaza bihar. Duela ia mende laurden hasitako bideari sendo jarraituz, iraileko hirugarren igandez, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren XXIV. azoka egingo da. Goizeko 10etatik 14etara bitartean, arau ekologikoak jarraituz lan egiten duten 23 ekoizle elkartuko dira kontsumitzaileekin Zeraingo plazan. Barazkiak, frutak, edariak, gozoak, txerrikiak, ogiak, gaztak, haragiak, pasta, olioa, oihalak, etab. erosi ahalko dituzte azokara gerturatzen direnek.

Horiez gain, Zerainen ekoitzitako puntako produktuak ere eskuragarri izango dira. Kalitatea, osasuna eta bizimodu jasangarria uztar-tzeko ezinbesteko hitzordua biharkoa Zerainen.

Azokako salmenta postuez gain, hainbat artisau, tolarea, egurraren taila, kandelak egiteko aukera, erakusketak eta beste hamaika ikusgarri ere izango dira, ohi bezala.

Pintxoak jateko aukera

Azokan erositako produktuekin prestatutako pintxoak jateko aukera ere izango da, Urki Balerdi sukaldari zeraindarrak prestatuta. Horrez gain, azken urteetan bezala, erosle guztien artean produktu ekologikoz ondo hornitutako bi otar eder ere zozketatuko dira. Azken batez, ekoizpen ekologikora gerturatu, punta puntako produktu onak erosi eta goiz pasa ederra egin nahi duenak Zerainen aukera paregabea izango du bihar.

Ostegunean hitzaldia

Goierriko bizitza eta nekazaritza ekologikoaren XI. hamabostaldiaren baitan Goierriko hainbat herritan antolatu diren hitzaldi eta ekitaldien artean, Zerainen irailaren 20an, osteguna, hitzaldi bat izango dugu. Hain zuzen ere, 'Baratza ekologikoaren oinarriak' izeneko hitzaldia eskainiko du Leire Ibarretxek, iluntzeko 7etan kultur etxean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos