Gaur amaituko dira Festa Alternatiboak herriko bertsolarien saioarekin

Lehian ibili ziren goitibeherak./
Lehian ibili ziren goitibeherak.

AMAIA GOIKOETXEAALEGIA.

Lehenago hasi ziren, eta bukatu ere halaxe bukatuko dira. Alegiko Festa Alternatiboak iritsi dira bere azken egunera. Arratsaldeko 18:30erako Taupada taldearen emanaldi akustikoa dago iragarrita bulebarrean, eta zahagi-ardoaren ondoren herriko bertsolarien saio gogoangarri horietako batekin amaituko dira Bibalabirjenak.

Karmenetako egitarau ofizialak, berriz, hirugarren eguna izango du gaurkoa, eta harri-jasotzaileen Txintxarri Sariaren XIII. edizioa izango da hitzordu nagusietako bat, 18:30etik aurrera, aldi berean Euskadiko harri txikien txapelketa ere izango dena.

Horiek, ordea, arratsaldeko kontuak dira. Herriko txistulari ohien kalejira bereziak esnatuko du herria, eta 11:00etatik aurrera haurrentzako jolas parkea egongo da eskolako patioan, baita arratsaldez ere, apar festa eta guzti. Bestetik, eguerdian balkoi eta lorategi ederrenaren lehiaketako sariak banatu ondoren plazan Aire Ahizpek kontzertua eskainiko dute. Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobek osaturiko taldea da.

Egunaren azkenetara begira, 19:30ean Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du plazan eta zahagi-ardoaren ostean, Fan&Go taldearekin erromeria izango da.

Atsedenik gabe

Espero bezala, eguerdian jendetza elkartu zen plazan sagardo dastaketarako. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide eta Aulia sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izan zen eta, urtero bezala, esku-joko azkarrak ikusi genituen txorizoz eta sardinez betetako azpilen inguruan. Arratsaldean goitibeherak ikusi genituen Galarreta baserriko bidean behera. 23:00etan Deabru Beltzak taldeak Les Tambour de Feu kale ikuskizuna eskaini zuen eta gauerditik aurrera Josu Rodriguez DJa aritu zen plazan.