Gastronomia, musika eta kirola San Migel jaietan

Bihar hasiko dira festak eta iganderarte hainbat ekimen antolatu dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOALTZAGA.

Bihar hasi eta igandera arte jai giroa nagusi izango da Altzagan. San Migelak hemen dira, egitarau zabal batekin. Gastronomia izango da protagonista lehenengo egunean, izan ere bihar 18:30etan gaztetxoen pintxo lehiaketa antolatu da eta jarraian, 19:00etarako tortilla patata lehiaketa, nons tortilla hoberena aukeratuko den. Ondoren Ianire Aranzabek kontzertua eskainiko du, eguna agurtzeko.

Larunbatean umeek beren egun handia ospatuko dute. Goizean, 10:00ak eta 13:00ak bitartean haur parkea izango dute, salto eta jokoekin gozatzeko. Arratsaldean ere, 16:00etatik 17:00etara parkeaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute. Ondoren, 18.00etarako txokolate jana antolatu da, indarrak berritzeko.

Ordubete beranduago, 19:00etan toka txapelketaren txanda izango da -lehenengo haurrena eta gero helduena- eta 20:30ean herritar guztiak afari herrikoian parte hartzera gonbidatuta daude. Musutruk taldeak izango da afaria girotzeko arduraduna.

Igandean, kirola eta sagardo dastaketa izango dira. Goizean, 12:30-13:00 bitartean pilota partidua jokatuko da, Iraitz Zubizarreta eta Ruiz de Larramendiren artean, eta 18:00etan herri kirolen txada iritsiko da. Harrijasotzaileak Udane eta Ioseba Ostolaza izango dira eta aizkolariak Ugaitz Mugerza eta Iñaki Azurmendi.

Sagardo dastaketa batekin emango diete altzagarrek jaiei amaiera 19:00etarik aurrera.