Garagardo azokako bazkarirako txartelak salgai jada

Garagardo azokako bazkarirako txartelak salgai jada

Hilaren 28an egingo da Aldapa Haundi elkarteak antolatuta eta aurten lau menu ezberdin egongo dira aukeran

NÚÑEZLEGORRETA.

Aldapa Haundi elkarteak XII. urtez antolatu du Garagardo azoka, datorren irailaren 28an egingo dena. Azoka eguerdiko 12:30ean irekiko da eta ordubete beranduago hasiko dira bazkariak ematen. Bertara joan nahi dutenek Olason, Insaustin, Ezkizun eta Aldaieta tabernetan erosi ditzakete txartelak.

Aurten lau menu ezberdin egongo dira aukeran, bai bi pertsonen-tzat pentsatuak baita banakoen-tzat ere.

Elkarbanatzeko menuetan lehenak, 25 eurokoa, ukondoa, bi saltxitxa, bi garagardo eta bi postre izango ditu, eta 20 eurotan saltxitxarik gabekoa.

Era berean, pertsona batentzako bi saltxitxaz, garagardo batez eta postreaz osatutako 10 euroko menua dago aukeran. Haurrek, aldiz, bi saltxitxa, edaria eta postrea izango dituzte 8 eurotan.

Bazkalondoren, Xuxuma taldearen kontzertua egongo da festa giroak jarrai dezan bazkal ostean.

Yoga ikastaroa

Udaleko Kultur Lantaldeak Yoga Ikastaro bat antolatu du. Ikastaroa Abelina Mansok emana izango da eta ikastorduak astelehenetan izango dira arratsaldeko 18:00etatik 19:30era Patxi Ezkiaga kultur etxearen lehen solairuan. Ikastaroa irailaren 30ean hasiko da 2020ko ekainaren 22an amaitzeko.

Ikastaroak plaza mugatuak izango ditu (talde bakoitzak gutxienez ere 7 ikasle eta gehienez ere 12 izango ditu) eta izena emandako orden zorrotzean beteko dira. Ikastaro osorako matrikularen kostua 270 eurokoa izango da (30 euro/hileko) eta Patxi Ezkiaga Kultur Etxean izena ematerakoan ordainduak izan behar dute edo bertan emandako argibideak jarraituz egindako ordainketa agindu iraunkor bitartez.

Ikastaroa hasi ondoren ez da matrikula dirurik itzuliko ezta ordainketarako agindu iraunkorra baliogabetuko. Izena emateko epea gaur amaitzen da.

Izena Kultur Etxean eman behar da 16:30etatik 19:30etara edo e-mailez, kultura.legorreta@euskalnet.net, helbide elektronikora idatziz.