Galestarren bisita Maizpiden

Galestar taldea Maizpidera egindako bisitan. /
Galestar taldea Maizpidera egindako bisitan.

Euskal Herriko hainbat euskaltegi eta unibertsitatetako arduradunekin ere bildu dira

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Gales hizkuntzaren arloan adituak bisitan etorri dira Euskadira egunotan, eta Maizpide euskaltegian izan dira, besteak beste, bertako esperientzia aurrez aurre ezagutzeko. Ez da galestarrek EAEra etortzen diren lehen aldia, Euskadi beti izan baitute erreferente Gales hizkuntza suspertu eta honen erabilera handiagotzeko saiakeran (gaur egun 750.000 hiztun inguru ditu hizkuntza honek).

Euskadiko unibertsitateetan euskarari ematen ari zaion trataerari arreta jarri diote oraingoan baina interesa adierazi dute, bereziki, helduen euskalduntzearen alorrean egindako lana ezagutzeko. Maizpideko arduradunek Lazkaon duten lan egiteko modua erakutsi diete Galesa ikasteko Zentro Nazionaleko, Galeseko Unibertsitate Nazionaleko, Nant Gwrtheyrn Barnetegiko, BBC telebistako eta Galeseko Gobernuko arduradunei.

Helduentzako ikastaroak

Izan ere, 2013an hasi ziren Lazkaoko barnetegian helduentzako ikastaro bereziak antolatzen. Euskarara heldu ekimena 2013ko martxoan jarri zuten abian, «urteetako esperientzia eta hausnarketa ugariren ondoren», diote Maizpidetik.

Hirurogei urtetik gorako ikasleentzat dago pentsatua eta diseinatua, euskaraz komunikatzeko gai den jendearentzat (B1 edo B2 mailakoak). «Helduen nahi eta beharretara egokitutako ikastaroa da, euren mailatik abiatutakoa, azterketen presiorik gabe, euren erritmora egokitua eta euren intereseko gaietan oinarritua, euren ezaugarrietara egokitua, azken batean».

Euskara eta euskal kultura dira programazioaren ardatza, Goierrira egokituta. Honela, «metodologia komunikatiboa bidelagun, gaitasun komunikatiboa landu eta Goierri ezagutzeko aukera ematen du ikastaroak». Astelehenetik ostiralera, hiru edo lau asteko egonaldiak eskaintzen dira barnetegian, pentsio osoan. Sei eskola ordu izaten dira egunero, baina honez gain, Lazkaoko eta inguruko hainbat baliabide ere baliatzen dituzte euskara eta kulturaren ezagutzan sakontzeko (azpiegiturak, museo, interpretazio-zentro eta baserriak, ikaslearen intereserako izan daitezkeen enpresa goierritarrak...).

Bi talde osatu dituzte jada azarorako baina 2019ko martxoa eta apirilekoak irekita daude oraindik. Martxoan 4tik 29ra izango da (18 egun) eta apirilean 1etik 17ra (13 egun). Izena emateko 943889231 edo 688655779 telefonoetara deitu behar da.

 

Fotos

Vídeos