Tolosa Goierri
Gabiriako udaleku irekiak ekainaren 23tik aurreraJ. ZABALA
GABIRIA.
Martes, 13 de mayo 2025, 19:52
Gabiriako Udalak udaleku irekiak antolatu ditu aurten ere, eta ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean izango dira. Jarduera hauek 2021 eta 2023 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta daude, eta udako goizak jolas eta ekintza hezitzailez betetzeko aukera eskainiko dute.
Ordutegia ohikoa izango da: goizez, 10:00etatik 13:30era, baina, aurten ere, 9:00etatik aurrera seme-alabak ekartzeko aukera eskainiko da, baldin eta gutxieneko haur kopurua betetzen bada. Tarte horretan, udalekuen hasierako ordu ofiziala baino lehen, bestelako jarduerak antolatuko dira umeek goiza modu aktiboan hasteko.
Izen-emateak
Izena emateko, interesa dutenek ekainaren 6a baino lehen deitu beharko dute udaletxera (943 880 734) edo idatzi helbide honetara: udala@gabiria.eus. Prezioak ordutegiaren arabera ezberdinak izango dira: 09:00etatik 13:30era arteko zerbitzua 65 eurokoa izango da, eta 10:00etatik 13:30era artekoa, berriz, 55 eurokoa.
Bestalde, udalekuak aurrera eramateko begiraleen beharra dago, eta Udalak irizpide batzuk ezarri ditu hautaketa-prozesurako. Hautagai izan daitezke 18 urte beteta duten gabiriarrak, begirale titulua dutenak (aurkeztu beharko da), euskara dakitenak eta haurrekin harreman zuzena dutenak. Udalarekin beste lan-harremanik ez izatea eskatzen da, eta esperientzia baloratuko da. Aukeraketa orekatua izan dadin, neska-mutilen arteko talde mistoa osatzea ere bilatuko da, eta lehentasuna izango dute inoiz Gabiriako udalekuetan lan egin ez dutenek.
Begirale izateko interesa dutenek ere datorren maiatzaren 23a baino lehen jarri beharko dute harremanetan udaletxearekin, telefono edo posta elektroniko bidez. Zalantzarik izanez gero, udaletxera deitzea gomendatzen dute antolatzaileek.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.