Festa giroa Euskararen Nazioarteko Egunean

Ikasle, irakasle, musikari... aparteko giroa zabaldu zen atzokoan herrian Euskararen Eguna eta Euskaraldiaren amaiera ospatzeko. /  ARGAZKIAK ALARCIA
Ikasle, irakasle, musikari... aparteko giroa zabaldu zen atzokoan herrian Euskararen Eguna eta Euskaraldiaren amaiera ospatzeko. / ARGAZKIAK ALARCIA

Goizean ikastolatik plazara eraman zuten festa San Benitoko ikasle eta irakasleek, ostiralero egiten duten kantu-jira herri guztira zabalduz

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo lazkaotarrek, Euskaraldia agurtuz. Kantu-jira, jolasak, erromeria... hamaika ekintza izan ziren herrian, euskararen aldeko festan.

1949an ezarri zuen euskararen egunerako data Eusko Ikaskuntzak, Xabierko Frantzisko hil zen urteko eguna hautatuz horretarako, abenduaren 3a -kondairak dioenez hil aurreko azken hitzak bere ama-hikuntzan izan zirelako, euskaraz-. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, egun hau instituzionalizatu eta Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuten 1995ean eta Lazkaoko Udaleko Euskara Batzordeak, eta herriko hainbat elkartek, bat egin zuten atzo egun honekin.

Euskarak 365 egun dituela eguneroko aldarria izan arren, atzokoan bereziki azaldu zuten lazkaotarrek euskaraz bizitzeko duten nahia eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten, urtero egiten duten moduan. Euskaraldiarekin bat egin dute gainera aurtengoan eta ekimen honen azken egunean, ariketa orain hasten dela aldarrikatu zuten «Euskaraldia ez dira 11 egun bakarrik, hamabigarrenean hasten da benetako erronka».

Ekintza ugari prestatu zituzten Lazkaoko hainbat eragilek eguna ospatzeko, goizean zein arratsaldean. San Benito Ikastola, Gerriko Kultur Elkartea, Oin Arin dantza taldea edo Lazkao Txiki musika eskolarekin batera, besteak beste, festa giroan igaro zuten eguna lazkaotarrek. Oraingoan ere protagonista nagusiak haurrak izan baziren ere, jende ugari bildu zen ospakizunetan.

Goizean ikastolatik plazara eraman zuten festa San Benitoko ikasle eta irakasleek, ostiralero egiten duten kantu-jira herri guztira zabalduz. Ikastolatik Lazkao Txiki Zelaira iritsi ziren kalejiran eta herriko kaleetatik dantzan eta kantari, plazara joan ziren azkenik, Udaleko balkoitik euskararen aldeko testua irakurtzeko. Euskaraldiaren abestia kantatu eta dantzatuz amaitu zuten kantu-jira, nahi baino pixka bat lehenago euriak geletan babestera behartu bazituen ere.

Euren lagun Argitxoren urtebetetzea ere ospatu zuten arratsaldean ikastolan, askari handia eta jolasak izan zituztelarik patioan, eta eskolak amaitzean, kantu-jiran ibili ziren berriro haur eta helduak herriko plazan, Oin Arineko dantzari eta musika eskolako trikitilariekin. Eguneko bigarren kantu-jirarekin agurtu zituzten bai Euskararen Eguna eta baita Euskaraldia ere lazkaotarrek.

 

Fotos

Vídeos