Etorkizun parte hartzailea lortu nahi du EH Bilduk

EH Bilduko hautagaiak aurkezpenean. /  NÚÑEZ
EH Bilduko hautagaiak aurkezpenean. / NÚÑEZ

NÚÑEZ LEGORRETA.

Legorretako udal-hauteskundeetarako zerrenda eta proiektua aurkeztu zituzten EH Bilduko kideek. Azken lau urteetan egindako lana laburbildu eta datozen lau urteetarako ildo nagusiak aurkeztu zituzten plazan eginiko ekitaldian.

Puntu garrantzitsuenekotzat etorkizuneko Legorretari buruzko hausnarketa abian jartzea izango dute, «gogoeta prozesu zabal bat abiatuko dugu agintaldiaren hasieran, adituen laguntzarekin eta herritarron parte hartzearekin», azaldu zuten. Hortik abiatuta, gizarte zerbitzuetan martxan dauden atalak finkatu eta berriak sortzeko proposamenak dituzte, aukera ezberdin ugarirekin, hala nola, eguneko zentroa, etxebizitza sozial komunitarioak adinekoentzat eta gazteentzat, eta abar. Gainera, haurrentzako parkea eraberritzea, nerabeentzat eskaintza berria sortzea eta helduentzako ariketa fisikoa egiteko lekuak jartzea dituzte beste proiektuen artean.

Era berean, ingurumena zaintzeko hainbat neurri eta herriko kultura babestu eta zabaltzeko hasitako bidean jarraituko dutela ziurtatu zuten. Guzti hori, beti ere, «emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna, euskara eta bizikidetza» oinarri hartu aurrera eramango dituztela azaldu zuten.

Datozen lau urteetarako Zelai Amenabarro izango da berriro ere EH Bilduko alkategaia, eta berarekin batera doaz zerrendan Iñigo Lasa, Olaia Eskitxabel, Mari Karmen Gaztañaga, Garikoitz Maiz, Aiñaki Agirre, Estitxu Gaztañaga, Joxe Manuel Larrea, Ana Usabiaga. Oihan Agirrebeña eta Kizkitza Ormaetxea.