Erreboteko obrarekin pilota plazaren itxura berreskuratuko da

Plaza eta errebotea eraberrituta eremu berria sortuko da. / A.E.
Plaza eta errebotea eraberrituta eremu berria sortuko da. / A.E.

Datorren astelehenean hasiko dira lanak eta Sanjoanetako amaituta egongo direla aurreikusten da

A. ETXEBERRIA Segura

Urtarrilaren 28an hasiko dira plaza ingurua eraberritzeko lanak. Errebote plaza, Herriko plaza, arboladia eta frontoi zaharrak osatzen duen eremua moldatzea da obraren helburua. Lanek 290.000 euroko aurrekontua izango dute eta Lurkide enpresak egingo ditu. Sanjoanetako amaituta egotea aurreikusten da. Obraren ondoren, pilotan jokatzen den plaza baten itxura berreskuratuko du Errebotea eta Herriko plazan sortuko den espazio berri honek.

Kale Nagusian eta Zurbano kaleko petrilak kenduko dira eta harrizko zorua jarriko da Errebote plazaren erdira arte. Orain arte sake harria izan bada plazan pilotan jokatzen zenaren aztarna nagusia, orain eremuak pilota plaza baten arauzko neurriak izango ditu.

Paretak bakarrik faltako dira joko zuzeneko pilotaleku bat osatzeko. Erreboteko plazaren beste zatia berdegunea izango da, eserleku eta iturriarekin, eta arboladiarekin batzeko eskailera gehiago jarriko dira irisgarritasuna hobetuaz. Erreboteko zuhaitzak eta bolalekua orain bezala mantenduko dira.

Joko zuzenean

Sortu zen garaitik jokatu da pilotan Seguran, Euskal Herriko beste leku denetan bezala. Euskal pilota hasieran joko zuzena zen, gaur egun modalitateak bizirik mantentzen dituzten herrietan ikusten den bezala; plaza batean erdian marra egin eta lauzpabost laguneko bi taldeen artean pilota alde batetik bestera boteaz jokatzen da. Joko zuzenen artean errebotea, laxoa edo bote luzea dira ezagunenak.

Segurako kaleak estuak izan dira beti eta lehen mendeetan ez zegoen leku handirik joko zuzenetan ari-tzeko. Egun Osasun etxea dagoen kale izan zen hasiera batean pilotan jokatzen zen tokirik nagusiena herrian. Plazako pilotalekua 1769an eraiki zen, garai hartan pilotak zuen arrakastari erantzuna emanez. Hainbat idatzietan jasota dagoen moduan, «pilota leku ederra Segurakoa».

Plazan pilotan jokatu zen XX. mendearen hasiera arte, herritarrak Udalari pilotan aritzeko pareta altuagoa egitea eskatzen hasi ziren arte. Erreboteko paretak 4 metroko altuera zuen eta baxua zen XIX. mendearen erdialdera indarra hartzen ari ziren modalitate berrientzako, ble jokoak.

Kautxuzko pilota arinagoei esker indartu ziren joko hauek, ezker paretako frontoiak sortuaz, egokiagoak zirenak modalitate berrientzako.

Segurakoa 1906an eraiki zen, elizaren alboan, eta ia 150 urte zituen plazako pilotalekua desagertu zen, eta berarekin batera errebotea eta mota honetako jokoak herritik.